Markel Lopez gazteak ‘tximeleta azala’ izeneko gaitza du. Oztopoei nola izkin egiten dien ikusita, hegoak ere badituela dirudi. Larunbatean elektro-techno festa egingo dute haren alde, Urretxuko gaztetxean.
Markel Lopez Arrizabalaga gazte urretxuarra Epidermolisis Bullosa izeneko gaitzarekin jaio zen. Gaitz hau dutenek oso azal ahula dute eta horregatik gaixotasun honi Tximeleta Azala ere deitzen diote. Markelen bizipoza ikusita, tximeletaren azala ez ezik, hegoak ere badituela dirudi. Bere hegoei eta senitartekoen eta lagunen laguntzari esker, gaitzak aurrean jartzen dizkion horma guztiak gainditzea lortzen du.Noizean behin herritarrek Markeli laguntzeko ekimenen bat jartzen dute abian eta hurrengoa larunbat honetan izango da. Markelen bi zaletasun uztartuko dituzte: txakurrak eta musika. 13:00etan Indartsu eta Aurrera Atera elkarteek txakur erakustaldia eskainiko dute Ederrena pilotalekuan.
Arratsaldean, berriz, elektro-techno musika jaialdia egongo da gaztetxean 17:00etan hasita. David Meiser, The Outlier, Iñigo Txanpaña, Gordon, Unaikox, Barajas, Kanuto, Manu 16V, Axular, Jon Maraka eta Jondi DJ ezagunek parte hartuko dute. Azken bi hauek dira, hain zuzen ere, festa antolatu dutenak, Karol Marakarekin batera.
Dirua Markelen familiari emango diote, gastuak ordaintzeko: operazioak, bidaiak, aulki berri bat… Festa antolatzeaz gain, Irizarrek Markeli furgoneta berri bat ematea lortu dute. Izan ere, Markeli ez diote bere gurpildun aulki elektrikoarekin hegazkinean eta trenean igotzen uzten eta gurpildun aulki arrunta erabili beharra du halakoetan.
«Gustuko zerbait ikasi nahi dut, baina nik egiteko modukoa izan behar da»
Aurki Bartzelonan ebakuntza egin behar diote eta joan ziren azken aldian bere amak lesio bat egin zuen, gurpildun aulkia bultzatzen kilometro asko egin zituelako. Sei urte pasa dira dagoeneko Bartzelonara azkenekoz joan zenetik. «Behatzetako azala itsatsi egiten zait eta banandu egin behar dizkidate», azaldu du gazte urretxuarrak.
Markel oso pozik dago, bere aldeko festa antolatu dutelako. Gainera, bere zaletasun nagusietako bat elektro-techno musika pintxatzea da. Jon Maraka ari zaio irakasten eta larunbatean orain arte ikasitakoa erakusteko aukera edukiko du.
Txakurrak ere oso gustuko ditu. Duela gutxi arte Antxoa izeneko txakurrarekin ibiltzen zen. Bera zen ateak eta tiraderak ireki, argiak piztu eta gauzak ematen zizkiona. Antxoa hil egin zen eta egun Izar da laguntzen diona. «Oraindik gaztea da eta ikasten ari da», dio.
Beste bi zaletasun ere baditu: futbola eta teknologia. «Bartzelona taldekoa naiz eta nire jokalari kuttuna Andres Iniesta da», aipatu du.
Urretxuko gazte honek 16 urte beteko ditu aurten eta DBHko 3. maila egiten ari da Joxe Mari Iparragirre institutuan. Oraindik ez du erabaki DBH bukatutakoan zer egingo duen. «Ama eta biok horretan pentsatzen ari gara dagoeneko. Gustuko zerbait ikasi nahi dut, baina aldi berean, nik egiteko moduko lanbidea izan behar da».