Aste honetan Goñiren omenezko txapelketako final laurdenetako bigarren jaialdia egin dute Zumarragako Beloki pilotalekuan. Lehen partidan, lau t’erdikoan, Alberdik 22 eta 7 irabazi dio Medinari. Alberdik Iraitz Zubizarreta ataundarraren aurka jokatuko du finalerdietan. Bigarren partidan, Urretabizkaia eta Martinezek 22 eta 17 irabazi diete Mendinueta eta Arratibeli.
Final laurdenetako hirugarren jaialdia asteazkenean izango da, 18:30ean. Lau t’erdian, Elizaldek Arangurenen aurka jokatuko du. Binakako partidari dagokionez, Errandonea eta Gorrotxategik Elezkano eta Olaizolaren aurka jokatuko dute.
Zubizarretak eta Alberdik jokatuko duten partida, berriz, finalerdietako lehenengoa, martxoaren 9an izango da. Ataundarrak duen onena eman beharko du, Alberdik erakustaldia eman baitzuen asteazkenean. Defentsa ona eta errematerako erraztasuna erakutsi zituen.
«Goñi txapelketa asko gustatzen zait: frontoian
giro polita egoten da eta oso pilotaleku ona da»
Zubizarreta ere ez da makala, ordea. Pilotari familia batekoa da, gainera. Osaba batek profesionaletan jokatu zuen Empresas Unidasekin eta aitak afizionatu mailan jokatu zuen.
Ataungo Aia auzoan bizi da eta bertako pilotalekuan eman zituen lehen pilotakadak, aitarekin. Ataungo klubean hasi zen eta bere adinekoek utzi zutenean Lazkaokora joan zen. «Lazkaon oso gustura nago. Asier Mintegi entrenatzailea oso ona da».
Lehen urtea du gazte mailan, baina dagoeneko txapelketa garrantzitsuak irabazi ditu, zaharragoen aurka: DV txapelketa eta Zaldibarkoa.
Beti aurrelaria izan da. «Tantoa bukatzen ondo moldatzen naiz. Gantxoa da gehien gustatzen zaidan kolpea. Defentsan, berriz, hobetu beharra dut», onartu du.
Etorkizun oparoa duela dirudi, baina gauzak lasai hartu nahi ditu. «Aitak eta osabak gozatzen jarraitzeko esaten didate. Ea noraino heltzen naizen».
Irailean Asperekin kontratua sinatu zuen beraiekin entrenatzeko, baina buruan duen helburu bakarra Goñiren omenezko txapelketan ahalik eta lan onena egitea da. «Goñiren omenezkoan pilotari onenek parte hartzen dute eta oso zaila izango da txapela janztea. Alberdi txikitatik ezagutzen dut eta oso pilotari ona da. Zumarragako txapelketa asko gustatzen zait: frontoian giro polita egoten da eta oso pilotaleku ona da», amaitu du Ataungo pilotari gazteak.