Marokoko mendi eta dunak ezagutu eta herrixketan arropa eta zapatak uzten ari dira .Zumarragarrak eta urretxuarrak Suzuki Santana 4×4 bat aukeratu dute proba hau egiteko
Aitor Balerdi urretxuarra eta Dani Martin zumarragarra Pandemonium raid solidarioan parte hartzen ari dira. Bilbotik atera ziren joan zen ostiralean eta Marokora joan dira. Han, Atlas mendikatean eta dunetan beraien zaletasunaz gozatzeaz gain, herrixketako jendeari arropa eta zapatak eman dizkiete.Pandemonium raida Bilbon antolatzen dute. Helburua 4×4 autoen zaleei abentura bat bizitzeko aukera ematea da eta, bide batez, elkartasuna lantzea. Proba hau duela sei urte sortu zen.
Balerdi eta Martin lehenengoz ari dira parte hartzen. Igandean Algecirasetik, Marokora pasa ziren. Han sei etapa egingo dituzte. Bihar itzuliko dira.
Urretxuarra eta zumarragarra Suzuki Santana batekin ari dira parte hartzen, baina gehienek Seat Panda autoak erabiltzen dituzte. «Autoak 25 urte baino gehiago dituen modelo batenak izan behar dira. Gureak 23 urte ditu, baina modeloa duela 30 urtekoa da. Bestalde, 60 zaldi baino gehiago dituelako zigortu egin digute: 63 zaldi ditu», azaldu du Balerdik.
«Primeran ari gara pasatzen: hare ekaitzak eta dunak ezagutu ditugu»
«4×4 autoetan ibiltzea oso polita da: zulo bat nola pasatu asmatu, lokatzetatik nola atera…» Aitor Balerdi (4×4 auto zalea)
Orain arte egin duten abentura handiena da eta «primeran» ari dira pasatzen. «Hare ekaitzak eta dunak ezagutu ditugu, besteak beste. Proba honetan laguntasuna da nagusi. Arazoren bat baduzu, berehala beste parte hartzaile bat gelditu egiten da laguntzeko».
Autoa prestatzen lagundu dieten guztiei eta Afrikan entregatzen ari diren materiala eman dietenei eskerrak eman nahi dizkiete: Loidi galdarategia, Aztiria desguazea, Zuauto, Egido, UGLE lanbide eskola, Domingo Agirre ikastetxea, Bergarako Culumbus arropa marka eta Attiko estudio grafikoa.
Balerdik eta Martinek urte asko daramatzate 4×4 autoen munduan. Aizkorri aldean ibiltzea gustatzen zaie. Gorla aldera ere joaten dira. «4×4 autoetan ibiltzea oso polita da: zulo bat nola pasatu asmatu, lokatzetatik nola atera… Batzuei bizikletan ibiltzea gustatzen zaie eta guri trebezia kirol hau».
Bost ibilgailu dituzte: Martinek 4×4 bat eta buggy bat ditu eta Balerdik bi 4×4 auto eta quad bat. «Zaletasun garestia da azken bost urteetan behera egin du».