Goñiren omenezko pilota txapelketak baditu finalistak
Atzo arratsaldean Goñiren omenezko pilota txapelketako finalerdietako azken partidak jokatu ziren. Lau t’erdian, Salaberriak 22 eta 20 irabazi zion Arangureni. Binakako partidari dagokionez, Errandonea eta Gorrotxategik 22 eta 14 irabazi zieten Santxo eta Kastillori.
Finalak datorren asteazkenean jokatuko dituzte, 18:30ean, Beloki pilotalekuan. Lau t’erdian, Zubizarreta ataundarrak Salaberriaren aurka jokatuko du. Binakako finalean, Errandonea eta Gorrotxategik Urbieta eta Erasunen aurka jokatuko dute.
25. edizioa dela ospatzeko, Beloki pilota eskolako arduradunak eta arduradun ohiak, txapelketa jokatu duten urretxuar eta zumarragarrak, txapelketa jokatu duten profesionalak eta epaileak gonbidatu dituzte. Guztiek opari bana jasoko dute. Aspe enpresak eman du ezagutzera jada Goñiren omenezko txapelketako finalera etorriko diren pilotarien zerrenda: Barriola, Ezkurdia, Altuna, Erostarbe, Urruzola, Irusta eta Jaka etorriko dira.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide