Bisita Urretxu-Zumarraga ikastolaren 50. urteurrena dela eta antolatu dute. Ikastetxea bisitatu ondoren, Antion bazkaldu dute. Hemendik aurrera urtero elkartuko dira
Urretxu-Zumarraga ikastolak 50. urte bete behar ditu aurten eta ospakizun programa bat antolatzen ari dira. Urteurrena ospatzen lehenak, ikastolara sartzen lehenak izan dira: lehen promozioko ikasleak. Ikastetxea bisitatu dute eta ondoren elkarrekin bazkaldu dute Antion.
Ikastolako lehen promozioko ikasleek 1974-75 ikasturtean bukatu zuten Lehen Hezkuntza. Ikasgelan 24 lagun ziren eta igandeko festan 21 elkartu ziren. Eguerdian zuten hitzordua, ikastolako sarreran. Asko herritik kanpo bizi dira eta urteak pasa dira azkenekoz elkar ikusi zutenetik. Musu eta besarkadekin eman zioten ongi etorria elkarri.
Ikastolako sarreran taldeko argazkia atera zuten eta, ondoren, ikasgela batera joan ziren argazki gehiago ateratzera. Horiek, ikasle garaian bezala, ikasmahaietan eserita. Iñigo Txintxurretak irakaslearen rola bete zuen eta Ramon Pardok mutiko bihurriarena. Barre ederrak egin zituzten!
Ikastola bisitatu ondoren, bazkaltzera joan ziren. Festa iluntzera arte luzatu zen, Urretxu eta Zumarragako tabernetan.
Urtero elkartzeko asmoa
Atzo gustura ageri ziren. «Oso hunkigarria izan zen, gehienak Urretxu eta Zumarragatik kanpo bizi baitira. Lurdes Urtzelai da urrutien bizi dena: Gironan. Iruñea, Aramaio, Pasaia, Beasain eta Arrasatetik ere etorri ziren, besteak beste. Askok ez dugu elkar ikusi azken 30 urteetan eta identifikatzeko zailtasunak izan genituen», aipatu du Iñigo Txintxurretak.
Ikastola ere asko aldatu da urte hauetan guztietan. «Gure garaian ikastolak eraikinaren zati txiki bat hartzen zuen eta egun alderantziz da:?ikastolak eraikinaren zati handi bat hartzen du eta fraideek zati txiki bat. Guk ez genuen gimnasiorik eta futbol zelairik. Dena pilotalekuetan egiten genuen. Futbol zelaia zen gure eskaera nagusia».
Igandean pasadizo asko gogoratu zituzten eta horietako bat futbol zelaiekin lotua dago, hain zuzen ere. «Fraideek Eubara eraman gintuzten gogo-jardunak egitera eta han lauzpabost futbol zelai zituzten. Gogo-jardunez ez dugu ezer gogoratzen, baina futbol zelaiak ez ditugu ahaztu. Santiago Bernabeun geundela iruditu zitzaigun!».
Inspektorea ere ez dute ahaztu. «Inspektorea etortzen zen bakoitzean, inkisizoa edo deabrua bera etorriko balitz bezala zen. Irakasleak ministroen izenak irakasten zizkigun, inspektorea etortzen zenerako».
Igandeko festan beste hamaika anekdota gogoratu zituzten eta urtero elkartzekotan gelditu ziren. Xabiertxo eta Martin Txilibitu liburuekin ikasi zuten haur haiek Whatsapp taldea osatu dute eta hori bezalakorik ez dago bazkariak antolatzeko!