Urretxu eta Zumarragako udalek kontzentrazio bateratua egingo dute Arcelorren itxieraren aurka
Arcelor Mittaleko langileek mobilizazio eguna deitu du biharko. 11:00etan Urretxuko eta Zumarragako kaleetan giza katea egingo dute eta eskualdeko herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera. Goierri garaiko udalek ere bat egingo dute biharko mobilizazio egunarekin. Kontzentrazioak egingo dituzte udaletxeen aurrean, 12:00etatik 12:15era. Urretxu eta Zumarragako udalek kontzentrazio bateratua adostu dute: Zumarragako udaletxean egingo dute. Alkateek, zinegotziek eta udaletxeko langileek parte hartuko dute eta herritarrei kontzentrazio hauetan parte hartzeko gonbitea luzatu diete. Arcelor Mittaleko langileek ere elkarretaratzea deitu dute. 15:00etan egingo dute, lantegiaren aurrean. Herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte. 15:30ean langile batzordeak eta zuzendaritzak bilera egingo dute lantegian bertan.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide