Arcelor Mittaleko langile batzordeak instituzioekin beste negoziazio mahai bat sortzea eskatu dio zuzendaritzari
Arcelor Mittaleko langile batzordeak eta zuzendaritzak bilera egin dute gaur Zumarragako lantegian. Aurreko bileran bezala, enpresak lantegia ixteko azaldu dituen arrazoien inguruan hitz egin dute. Bi aldeek bereari eusten diote eta langile batzordeak mahai paralelo bat eratzea proposatu du. Bertan, langileekin eta zuzendaritzarekin batera, instituzioak egongo lirateke. Mahai horren helburua alternatibak aztertzea litzateke, itxiera saihesteko.
Langile batzordeko kideen esanetan, zuzendaritzak ez dio proposamen honi erantzun argirik eman. “Zuzendaritzak bere garaian lantegi honetako langileekin hartutako konpromisoak betetzeko garaia da. Are gehiago, azken egunetan instituzioteko ordezkariek egin dituzten deklarazioen ondoren”.
Datorren astean beste bi bilera egongo dira: asteartean eta ostiralean, 10:00etan. Zuzendaritzak “neurri aringarriak” mahai gainean jarriko dituela esan du.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide