Motorraren Asteko bi ekitaldi egongo dira asteburuan Zumarragan
Asteburu honetan Zumarragako Motorraren Asteko bi ekitaldi egongo dira: auto eta argazki zaletasunak uztartzen dituen lehiaketa bat eta auto klasikoen erakusketa bat.
Lehiaketa larunbatean izango da. 25 urte baino gehiagoko autoak dituzten Goierri garaiko bizilagunek parte hartu ahal izango dute. 09:00etan Zelai Arizti pilotalekuan elkartuko dira eta ondoren Aztiriara joango dira. Handik aterata, antolatzaileek esandako hamar tokitan argazkiak atera beharko dituzte. Kilometro gutxien egiten dituenak irabaziko du lehiaketa. Izena emateko, rallyefotozumarraga@gmail.com helbidera idatzi behar da.
Biharamunean, auto klasikoen erakusketa egingo dute Zumarragan. 09:30etik 12:30era eta 16:30etik 18:00etara egongo dira ikusgai Zumarragako Euskadi plazan. Aurtengo Motorraren Astea urriaren 22an amaituko da. Egun horretan, Sunsundegi rallyko auto klasikoek Zumarragako plazan geldialdia egingo dute.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide