Urretxu-Zumarraga ikastolak 50 urte beteko ditu udazkenean eta lehiaketa bat antolatu du urteurreneko logoa aukeratzeko. Ander Perez urretxuarrak irabazi du.
Logoa atzo aurkeztu zuten Urretxuko kultur etxean. Ekitaldi berean, urteurrena ospatzeko antolatu dituzten ekitaldien berri eman zuten.
Perezek 23 urte ditu eta Arte Ederrak ikasi du. Datorren urtean ilustrazio master bat egingo du. Ikasketak iaz bukatu zituen eta azken urtebetea bere teknika hobetzen eman du. Gainera, hainbat lehiaketatan parte hartu du. Valentzian antolatzen duten bat eta ikastolarena irabazi ditu.
50. urteurreneko logoa «modernoa eta sinplea» dela esan zuen. «Ikastolaren logoaren koloreak erabili ditu eta irudi berritzaile bat ematen saiatu naiz. Oso pozik nago lehiaketa irabazi dudalako».
Ander Perez, irudi berriarekin.
Aipatzekoa da ikastolak bere logoa ere berritu behar duela. Perezek sortutako irudia datorren urtebete honetan erabiliko dute, urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldietan.
Urtarrilean ekin zioten urteurrena prestatzeari. Talde bat testigantzak jasotzen ari da, ikastolaren historiari buruzko liburua eta bideoa prestatzeko.
Irailean, berriz, logo berria duen materiala salgai jarriko dute. Helburua ez da dirua lortzea, baizik eta talde izaera indartzea.
Gainera, ikastolakoak Urretxuko Santa Anastasia jaietako protagonistak izango dira: pregoia irakurriko dute eta Euskal Jai eguneko desfilean parte hartuko dute. Horretarako, karroza bat egingo dute.
Abenduaren 3an Euskararen Eguna modu berezian ospatuko dute. Datorren urtean ere makina bat ekitaldi egongo da, urteurren ospakizunak ikasturte amaiera arte luzatuko baitira. Urtarrilean argazki erakusketa egingo dute eta otsailean Pirritx, Porrotx eta Marimototsek
Irri Banda ikuskizuna eskainiko dute.
Ikuskizun honetan herriko musikariek ere parte hartuko dute. Gainera, ikastolakoek Irrintzi dantza taldekoekin eta Antxiñako Ama txistulari taldekoekin kantaren bat abestu eta dantzatuko dute. Izan ere, bi elkarte horiek ere 50. urteurrena ospatuko behar dute.
Martxoan liburua eta bideoa aurkeztuko dituzte Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Ekitaldi horretan ikastolako sortzaileak eta talde eragileak omenduko dituzte.
Ikasle ohien bazkaria
Maiatzean, berriz, mendi ibilaldi bat egingo dute eta ikasle ohiek bazkaria egingo dute. Bukatzeko, ekainerako kontzertu bat antolatuko dute.
Urretxu-Zumarraga ikastolak 1966ko urrian eman zituen lehen pausoak, Lourdesko Ama ikastola izenarekin. Izan ere, Lourdesko Amaren parrokiak utzitako lokaletan hasi zuen bere ibilbidea. Atzoko ekitaldian herritik eta herriarentzat sortutako egitasmoa dela gogoratu zuten. «Herritik sortutako proiektua izanik, gaur egun ere herriari ematen diogun zerbitzua azpimarratu nahi dugu. Herritik sortu eta herriarentzat lan egiten dugu».