William Shakespeare Londrestik Euskal Herrira etorri zen atzo. Duela 40 urte pasatxo, berriz, Euskal Herritik Londresera joan zen. Maria Teresa Medrano zumarragarraren eskutik, hain zuzen ere. Zumarragako emakume honek Benito Larrakoetxea fraide bizkaitarrak itzulitako Shakespeare-en lanak Britainiar Liburutegira eraman zituen. Euskara, historiako antzerkigile handiena eta horren herrialdeko liburutegia betirako elkartu zituen.
Medranotarrak oso euskaltzaleak dira. Maria Teresaren aita, Serapio, Arbizun jaio zen. Albaitaria zen eta Oñatiko jauntxoek beraien herrian lan egiteko eskatu zioten. 1936ko gerran zigortu egin zuten, euskaltzalea zelako: Oñatiko lanpostua kendu zioten eta Alegira bidali zuten. Herri txikiagoa izanik, oso zaila zuen zazpi seme-alabako familia aurrera ateratzea.
Dena den, bera salatu zuena damutu egin zen eta barkamena eskatu zion. Beste hiru herri eman zizkion aukeran. Horietako bat Zumarraga zen. Medrano Zumarragara etorri zen, Oñatitik gertu zegoelako.
Zumarragarrek zorte itzela izan zuten, gizon horrek sekulako ondarea utzi baitzuen herrian. Bihotz oneko gizona eta jantzia zen eta bere seme-alaba guztiei unibertsitate-ikasketak egiteko aukera eman zien. Garai hartan emakumea erabat baztertua zegoen eta ez zen batere ohikoa gurasoek beraien alabei aukera hori ematea.
Medrano ahizpen akademia
Bi alabek (Victoria eta Josefa) akademia bat ireki zuten. Garai hartan ez zegoen instituturik Urretxu eta Zumarragan eta Medrano ahizpei esker ehunka zumarragar eta urretxuarrek Batxilergoa egiteko aukera izan zuten. Beraiengatik ez balitz, askok ikasketak utziko zituzten. Beste herri batzuetako ikasleak ere joaten ziren, beraien irakaskuntza metodoa oso ospetsua egin baitzen.
Erreportaje honetako protagonista ere irakaslea izan zen, baina ez zuen bere ahizpen akademian lan egin, Orbegozo enpresan baizik: lehenengo, langileen seme-alabentzat ireki zuten eskolan eta, ondoren ,bulegoetan.
Serapio Medranok, seme-alaba guztiei unibertsitate-ikasketak emateaz gain, hizkuntzak ikasteko aukera eman zien. Maria Teresa, adibidez, Ingalaterrara joan zen ingelesa ikastera. Bi urte pasa zituen bertan eta, ondoren, zenbait urtetan jarraian, oporretan itzuli zen. «Lehenengo aldiz joan nintzenean 22 urte besterik ez nituen. Frankismo garaia zen eta hango gizartea hemengoa baino irekiagoa eta aurrerakoiagoa zen. Hara joaten nintzenean, ingelesa sentitzen nintzen. My english was very good! (nire ingelesa oso ona zen!)», dio umoretsu 88 urteko zumarragar horrek.
Hala, ez da harritzekoa Larrakoetxeak Shakespeare-en itzulpenak Britainiar Liburutegira eramateko eskatu izana. Gogo onez onartu zuen, noski. Larrakoetxea bere aitaren laguna zen. «Oñatin komentu asko zeuden eta guztietan lagunak genituen. Bai abereak zituztelako eta bai ikasketa kontuengatik. Urtero bazkari bat egiten genuen etxean hango zenbait fraiderekin eta Benito Larrakoetxeak Shakespeare-en liburuak eramateko eskatu zidan. Baiezkoa eman nion, noski».
Laguntzailea
Baina, nola lortu Britainiar Liburutegiko ateak irekitzea? Medranok Winnifred Mary Holdsworth bere irakasle ohi eta lagun minaren laguntza izan zuen. «Jende asko ezagutzen zuen eta Britainiar Liburutegiko ateak ireki zizkidan. Bera izan zen tramite guztiak egin zituena, baina liburuak uztea niri zegokidala esan zidan. Bazekien niretzat eta nire familiarentzat liburu haiek Britainiar Liburutegian uztea oso garrantzitsua zela».
Hango teknikariek liburuak aztertu zituzten eta, Medranok liburuak utzi eta hilabetera, beraien gutun bat jaso zuen. Bertan, liburuak onartu zituztela eta donazioa biziki estimatzen zutela esaten zioten. Eskerrak ere eman zizkioten, noski.
Gutun hura markoan jarri zuen. Medranotarren etxeko egongelan dago, begi-bistan. Ondoan, Winnifred Mary Holdsworth-en argazki bat dago. Larrakoetxeak itzulitako William Shakespeare-en lanak ere ez daude ezkutuan: etxeko sarreran daude.
Izan ere, Medranorentzat «ohorea» izan zen historiako antzerkigile entzutetsuenaren euskarazko itzulpenak munduko liburutegi garrantzitsuenetako batera eramatea.
Britainiar Liburutegian 150 milioi argitalpen inguru dituzte. Horietako bost, euskara eta euskal kultura maitatzeagatik zigortu zuten Benito Medranoren alabak eraman zituen.
Liburutegiko teknikariek 1975eko irailaren 18an eman zieten oniritzia Larrakoetxearen liburuei. Frankismoaren azken urteak ziren eta euskarak arnas pixka bat behar zuen. Larrakoetxeak, Medranok, Holdsworth-ek eta Britainiar Liburutegiak eman zioten.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaraz modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako, zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Gainera, BERRIAlaguna bazara eta HITZAkide egiten bazara, katilu bat oparituko dizugu:
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko.Onartu Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu hemen.
Privacy & Cookies Policy
Privacy Overview
This website uses cookies to improve your experience while you navigate through the website. Out of these cookies, the cookies that are categorized as necessary are stored on your browser as they are essential for the working of basic functionalities of the website. We also use third-party cookies that help us analyze and understand how you use this website. These cookies will be stored in your browser only with your consent. You also have the option to opt-out of these cookies. But opting out of some of these cookies may have an effect on your browsing experience.
Necessary cookies are absolutely essential for the website to function properly. This category only includes cookies that ensures basic functionalities and security features of the website. These cookies do not store any personal information.
Any cookies that may not be particularly necessary for the website to function and is used specifically to collect user personal data via analytics, ads, other embedded contents are termed as non-necessary cookies. It is mandatory to procure user consent prior to running these cookies on your website.