Espainiako Gorteetarako Hauteskundeek ezustekoa eman dute Zumarragan; historikoki PSE-EEk irabazi du herri horretan, eta alde handiarekin Espainia mailako hauteskundeetan. Atzo ordea, Elkarrekin-Ahal Dugu koalizioak aurrea hartu zion alderdi sozialistari, eta bera izan zen Zumarragako alderdirik bozkatuena, 1.626 botorekin; PSE-EEk baino (1246) 380 boto gehiago. EAJ izan da hirugarren indarra 1035 botorekin, eta EH Bildu laugarrena (664). Parte-hartzea %66,92koa izan da.
Urretxun berriz, EAJk jaso du boto gehien (1009). Haren atzetik gelditu dira Elkarrekin-Ahal Dugu (868) eta EH Bildu (712). Parte-hartzea berriz, %69,38koa izan da.
2015eko abenduko hauteskundeekin alderatuta, aldaketarik nabarmenena Elkarrekin-Ahal Dugu koalizioaren igoera izan da. Zumarragan 403 boto gehiago lortu ditu, eta bigarren gelditzetik lehen indarra izatera pasa dira. Urretxun ere, igoera izan dute (96 boto gehiago), eta bigarren tokian jarri dira, EH Bilduri aurrea hartuta. Gainontzeko alderdi nagusiek (EAJ, PSE-EE eta EH Bildu) behera egin dute, abenduko deialdiarekin alderatuta.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide