Aurtengo jaietako protagonista nagusia danborrada izango da, 50 urte bete baititu. Elkarteek bi danborrada egingo dituzte bihar. Etzi Santa Isabel eguna ospatuko da
Hemen dira Santa Isabel jaiak. Lehen ekitaldiak joan zen astean izan ziren, baina garrantzitsuenak aste honetan izango dira. Aurten danborradako danborrek ezpata dantzako txistulariek bezainbesteko protagonismoa izango dute. Izan ere, danborradak 50 urte bete ditu. Joan zen astean, zumarragarrek Futbolaren Egun Herrikoia eta Haurren Eguna ospatu zituzten. Gainera, Goiargi abesbatzak urteroko kontzertua eman zuen. Astean zehar, berriz, haurrak izan dira protagonista nagusiak. Astelehenean zaldian ibiltzeko aukera eduki zuten eta asteartetik plazan jarritako parkeaz gozatzen ari dira. Parkea gaur arratsaldean itxiko dute. Biharko protagonista nagusiak, berriz, danborrariak izango dira. Bi danborrada egingo dituzte, 50. urteurrena ospatzeko. Biak oso bereziak izango dira eta sorpresaz beteak egongo dira. Arratsaldekoa plazan egingo dute, 19:00etan. Gauekoa, berriz, 23:00etan hasiko da. Aipatzekoa da Legazpi, Ordizia, Azpeitia eta Eibarreko danborradetako kideek parte hartuko dutela. Gainera, Luis Orduña bandako zuzendariak konposatutako pieza bat estreinatuko dute. Danborrada ez da biharko ekitaldi azpimarragarri bakarra izango. Eguerdian poniak eta zezentxoak egongo dira eta arratsaldean, zezenak (16 urtetik gorakoentzat), La Salle-Legazpi ikastetxeko patioan. Gainera, arratsaldean hip hop festa egongo da Zelai Arizti pilotalekuan eta buruhandiak irtengo dira. 20:00etan, berriz, The Reverendos eta Los Ruidos taldeek Areizaga-Kalebarren plazan joko dute eta Eganek plazan. Eganek 01:00etik aurrera ere joko du. Larunbatean zumarragarrek jaietako egun handia ospatuko dute: Santa Isabel eguna. Meza 11:00etan izango da Antion. Hasieran, ohikoa den legez, ezpata dantza eskainiko diote Ama Birjinari. Aurten, Nekane Martin, Mikel Antia, Josu Otaegi eta Ines Aztiria izango dira kapitainak. Meza ondoren, ohorezko aurreskua egingo dute eta bertsolariek abestuko dute. Arratsaldean, herri bazkariaren ostean, erromeria hasiko da. Jaitsiera 20:30ean izango da. Plazan kaleko ezpata dantza egingo dute. 23:15ean su artifizialak egongo dira eta ondoren, Areizaga-Kalebarren plazan DJ festa egingo dute, eta Euskadi plazan, berriz, Diamante orkestrak joko du. Aipatzekoa da ostiralean eta larunbatean autobusa egongo dela Legazpitik Zumarragara joan-etorria egiteko. 23:30etik 06:00etara ordu erdiro autobus bat aterako da bi herrietatik. Legazpiko geltokia Saturnino Telleriako errotondan egongo da eta Zumarragakoa, geltokian. Billeteak 2,10 euro balioko du. Igandeko egitarauari dagokionez, goizean aire libreko pintura lehiaketa, field target txapelketa, plater-tiroketa, poniak eta zezentxoak eta dantza libreko txapelketa egongo dira. Arratsaldean, berriz, mus eta xake txapelketak jokatuko dituzte eta errekortadoreen eta saloi dantzarien erakustaldiak egongo dira. Gauerdian, larrain dantza egingo dute eta Oihan Vegak musika jarriko du. Queen taldearen abestiak Gainera, musika bandak Queen taldearen abestiak joko ditu plazan, 18:30etik aurrera. Beraz, ostiralean danborrada izango da protagonista, larunbatean ezpata dantza eta igandean musika banda: herriko hiru sinbolo. Hurrengo astelehenean, asteartean eta ostiralean ere ekitaldiak egongo dira. Jaiak datorren asteko igandean bukatuko dira, Jubilatuen Egunarekin.