Lau laguneko talde batek herrietako jaietako sukaldaritza lehiaketetan parte hartuko du. Beste hiru kideak kostaldekoak dira. Lehen atala bihar emango dute, 22:15ean
Bihar, 22:15ean, Nor bere saltsan programa estreinatuko dute ETB1en. Telebista saio horretan, lau lagunek herrietako jaietako gastronomia lehiaketetan parte hartuko dute. Lau lagun horietako bat zumarragarra da: Ander Gisasola, hain zuzen ere. Beste hiru parte hartzaileak Kari bermeotarra, Gurru oriotarra eta Ipar lekeitiarra dira. Zumarragarra da, beraz, barnealdeko bakarra. Gisasolak Informatika ikasi zuen eta Funeraria Vascongada ehorztetxean lan egiten du. Bertako informatika saila martxan jartzen ari da. Burubero programaren eskutik izan zuen lehen hartu-emana telebista munduarekin. Duela hilabete batzuk saio horretan parte hartu zuen eta, ondoren, telebistakoek bihar estreinatuko den saioan parte hartzea proposatu zioten. Zumarragarrak berehala baiezkoa eman zuen eta dagoeneko bi saio grabatu dituzte. «Duela bi aste Mungian egon ginen eta aurreko asteburu honetan Urdulizen egon gara. Mungian sukalkia prestatu genuen eta Urdulizen, isatsa». Astero saio bat grabatuko dute. «Zazpi saio grabatu behar ditugu, baina Donostiako eta Bilboko Aste Nagusietara ez gara joango. Astean zehar erosketak egingo ditugu eta asteburuetan gastronomia lehiaketetan parte hartuko dugu», azaldu du Gisasolak. Saioaren helburua gastronomia lehiaketak, jendea eta festak ezagutzera ematea dela dio. «Esperientzia oso polita izaten ari da. Jende asko ezagutzen ari naiz eta baita herri ezberdinetako ohiturak ere». Telebistakoa lan gogorra dela gehitu du. «Grabazio egunetan 04:30ean esnatzen gara eta 22:00ak aldera itzultzen gara etxera. Zorionez, dibertigarria da. Gainera, astean behin bakarrik grabatzen dugu. Hori dela eta, telebista saioa nire lanarekin bateragarria da». Biharko saioa Mungian grabatu zuten. «Gipuzkoarrok sukalkia zer den ikasiko dugu eta jendeak oso ondo pasatuko du. Gainera, Mungiako jaiak ezagutuko ditugu. Ikusleek ere sukalkia egiten ikasteko aukera edukiko dute, errezetak EITBren webgunean egongo baitira», aipatu du zumarragarrak. Sukaldaritza gustuko Ander Gisasolak sukaldaritza gustukoa du. «Ez dut sekulako sukaldaria naizela esango, baina jendeak gustura jaten ditu nik prestatzen ditudan jakiak», azaldu du. Ez du etxeko berezitasunik. «Errezeta berriak ikastea eta eguneroko bazkaria prestatzea gustatzen zait. Bestalde, jatun ona naiz. Denetik jaten dut», gehitu du. Telebistan gustura dabilen arren, Gisasolak informatikaria dela argi utzi nahi du. «Telebistan jarraitzeko aukera suertatuko balitz, beharbada baiezkoa emango nuke. Noizean behin telebistan aritzea ez litzaidake inportako. Baina informatikaria naiz eta lanbide hori da gustatzen zaidana», amaitu du zumarragarrak.