Zumarragako Legazpi auzokoek bazkaria antolatu dute igande honetarako. Auzoan bertan egingo dute. Artizeko eta Hiri Lorategiko bizilagunak ere gonbidatu dituzte eta 105 lagunek eman dute izena.
Festa 13:00etan hasiko da. Ordu horretan poteoa egingo dute auzoan bertan. Bazkaria 14:30ean izango da. Menua honakoa da: entsalada, otarrainxkak, frijituak, bakailaoa bizkaitar erara, txahal biribilkia, tarta, izozkia, ardoa, kafea eta kopa. Bazkalostean, dantzaldia egingo dute.
105 lagunek erosi dute bazkarirako txartela. Beraietako batzuk ondoko bi auzoetakoak dira: Artizekoak eta Hiri Lorategikoak. «Auzokoen bazkaria duela bi urte antolatu genuen lehenengoz. Artiz auzokoek beraiek ere parte hartu nahi zutela esan zuten. Ez da harritzekoa, gure ondoko auzoa baita eta gurea baino zaharragoa, gainera. Hiri Lorategia ere ondoan dago eta bertako batzuk ere etorriko dira. Orbegozo auzoko batek ere etortzeko asmoa du. Nola esango diegu ez etortzeko umetan gurekin jolastu zutenei?», dio Alicia Castillo antolatzaileak.
Izan ere, garai hartan auzo ezberdinetako haurrek elkarrekin jolasten zuten. Kalean, noski. «Ezkutaketan jolasten genuenean, Orbegozo auzoraino joaten ginela gogoratzen dut».
«Legazpi auzoan jaio zen lehen haurra
Eusebio Zabala ‘Euxebito’ izan zen»
Marian Larrañaga (Legazpi auzoan jaioa)
Castillo 12 urte zituenean joan zen Legazpi auzora. Marian Larrañaga, berriz, bertan jaio zen. «Gure auzoan jaio zen lehen haurra Eusebio Zabala Euxebito izan zen. Nire ahizpa eta ni ere hemen jaio ginen. Garai hartan etxe guztietan haur asko zeuden. Gure atarian, etxe batean bost seme-alaba zituzten eta beste batean sei. Bizilagunen arteko harremana oraingoa baino estuagoa zen eta haur guztiok elkarrekin jolasten genuen».
Gauzak asko aldatu dira. «Dagoeneko Legazpi auzoan ez dira haurrak jolasten ikusten. Bestalde, gutako askok auzoa utzi genuen eta egungo bizilagun gehienak ez dira bazkarira etorriko».
Garai bateko bizilagunak beraien auzoaz oso harro daude eta pentsatzekoa da egungoak ere harro egongo direla. Izan ere, Legazpi auzoa oso berezia da. Langile auzoa da, baina arkitektoak, beste langile auzo askotan ez bezala, bertan bizi behar zirenen bizi kalitatea kontuan izan zuen. Hala, etxeak lorategiz inguratuta daude eta estalpe bat ere badute.
Legazpi auzoa Domingo Unanue arkitekto ordiziarrak diseinatu zuen. Gizon horrek Ordiziako Herri Antzokia ere egin zuen: Gipuzkoako lehen eraikin arrazionalista.
Legazpi auzoa Zumarraga izugarri hazten ari zen garaian egin zen. 1951tik 1971ra populazioa 3.600 biztanletik 12.000 biztanlera pasa zen eta etxebizitza premia larria zegoen. Urte haietan eraiki ziren langile auzo gehienak.