Julen Izagirrek irabazi du Urretxuko jaietako egitaraueko azal lehiaketa
Julen Izagirrek diseinatutakoa izango da Urretxuko Santa Anastasia jaietako egitarauaren azala. Zumarragarrak hirugarren aldiz irabazi du Urretxuko lehiaketa (Zumarragakoa lautan), Nire herriko gazteei lanarekin. Iparragirreren marrazki bat ageri da azalean, herritarrei begiarekin keinu egiten, eta oso koloretsua da.
Izagirreren hitzetan, Iparragirrek presentzia handia du Urretxuko jaietan, “bera ere festazalea zelako”. Bestalde, orain arteko estilotik aldendu eta zerbait desberdina egiten saiatu dela esan du. “Lagunek esaten zidaten ez aurkezteko azal hau, koloretsuegia eta ausartegia zela, baina niri gustatu egin zitzaidan”
Jon Luqui alkateak gaur eman dio saria Izagirreri: 300 euro. Ana Cabezas artistak, Maialen Fidalgo zinegotziak eta Miren Castillo Sustapen Soziokulturala saileko koordinatzaileak osatu dute epaimahaia. Horrez gain, herritarrek ere botoa emateko aukera izan dute. Guztira hamabi lan aurkeztu dituzte lehiaketara.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide