Urola kirol elkarteak denboraldi berria prestatzeari ekin dio, berrikuntza nabarmenekin: klubak zuzendaritza berria du eta lehen taldeko entrenatzailea ere berria da. Presidente berria Mikel Mesonero jokalari ohia da eta entrenatzailea ere jokalari ohi bat da: Igor Serrano idiazabaldarra.
Zuzendaritza hamabost lagunek osatzen dute. Lehendakariordeak Juan Luis Elizondo eta Maria Jose Maniega dira, diruzainak Alberto Tome eta Aitor Irizar, idazkaria Jose Carlos Ibarzabal eta batzordekideak Amaia Elgarresta, Iñaki Aranzadi, Angel Balbas, Gorka Mendia, Jose Luis Hinojo, Patxi Segurola, Alberto Fernandez, Mikel Mau-leon eta Angel Garmendia.
Duela urtebete hasi ziren lanean. «Iaz, jokalari ohien bazkarian, zuzendaritzarako aurkeztea erabaki genuen. Urolaren alde lan egiteko garaia zela pentsatu genuen. Lanean hasi ginen eta talde polita osatu dugula uste dut. Gure artean jokalari ohiak, egungo jokalari batzuen gurasoak, aurreko zuzendaritza batzordeko kideak… gaude», dio lehendakariak.
Gainera, lanerako prest agertu diren herritarren laguntza izango dute. «Jende askok lanerako prest dagoela esan digu eta horrek asko pozten gaitu».
Normala denez, aurreko zuzendaritza batzordeko kideek oso gustura pasa diete erreleboa. «Erabakia hartu eta gutxira esan genien lekukoa hartzeko prest geundela eta asko lagundu digute. Modu koordinatuan lan egin dugu eta trantsizioa oso ondo antolatu dugu», azaldu du.
Ez dute iraultzarik egiteko asmorik, baina berrikuntzaren bat edo beste badakarte, noski. «Kudeaketa plan bat diseinatu behar dugu. Irailean aurkeztuko dugu. Aurreko zuzendaritzak egindako lana mantentzeko asmoa dugu, oso lan ona egin baitute. Berrikuntza batzuk egingo ditugu, baina klubaren egoera oso ona da. Gure helburu nagusietako bat hezkuntzari garrantzia handia ematea da. Gainera, egitasmo sozial bat izatea nahi dugu. Herritarrengandik gertu egon nahi dugu. Horretarako, gainontzeko kirol taldeekin eta elkarteekin elkarlana bultzatuko dugu».
«Helburu nagusietako bat hezkuntzari
garrantzia handia ematea da»
Mikel Mesonero (Urolako lehendakari berria)
Klubeko talde guztiek lan ildo berbera jarraitzea nahi dute. «Kriterio orokor bat egotea nahi dugu. Entrenatzaileak funtsezkoak izango dira. Izan ere, gaz-teak hezi nahi baditugu, entrenatzaileak oso garrantzitsuak dira».
Bestalde, herriko jendearekin lan egiten saiatu behar dira. «Kanpoan jokatzen duten Urretxu eta Zumarragako jokalariak herrira ekarri nahi ditugu. Eta entrenatzaileak herrikoak izango dira. Igor Idiazabalgoa da, baina Urolan jokatu zuen».
Komunikazioa
Komunikazioari ere garrantzia emango diote. «Guraso, jokalari, bazkide eta herriko elkarteekin harreman estua eduki nahi dugu. Denek Urolan gertatzen denaren berri izatea nahi dugu. Egun, teknologiek lan hori asko errazten dute. Gainera, neskak eta mutikoak hezi nahi baditugu, gurasoekin harreman estua izatea ezinbestekoa da».
Bukatzeko, hurrengo zuzendaritzari lana erraztu nahi diote. «Lau urte hauetan erreleboa prestatuko dugu. Jende asko lanerako prest dago eta jende horri gauzak erraztu behar zaizkio zuzendaritzan sar dadin».
Mesonero ilusioz gainezka ageri da. «Erronka honi ezetz esatea oso zaila zen. Izan ere, zuzendaritzako kide asko taldekide ohiak eta lagunak ditut».
Gainera, bere aita ere Urolako presidentea izan zen. «Bere eskutik eman nituen lehen pausoak futbolean eta Urolan. Egia esan, bere pausoak jarraitu nahi nituen. Ohorea da. Zuzendaritzako kideek bazekiten hori eta lehendakari izatea eskaini zidaten».