Jon Plazaola aktore urretxuarrak eta Urretxun bizi den Macrea Clarke umorista irlandarrak bakarrizketa saioa egingo dute bihar, Markel Lopezen alde. Lopezek ‘tximeleta azala’ izeneko gaixotasuna du.
Emanaldia 22:30ean izango da, Labeaga aretoan. Sarrerak dagoeneko salgai daude, 10 euroan, Ederrena pilotalekuko tabernan. Biharko 13:00ak arte bertan erosi ahal izango dira. 21:30etik aurrera, berriz, aretoan egongo dira salgai. Ikuskizunera joaterik ez dutenek, ‘0 ilara’ delakoak eros ditzakete.
Historian zehar umorista bikote ospetsu asko egon dira. Macrea eta Plazaola Goierrik eman duen bikote ezagunena da. Duela urte batzuk bakoitzak bere bidea hartu zuen, baina ahal duten guztietan elkartzen dira. Biharkoa biak elkarrekin ikusteko aukera bikaina da.
Plazaola egun oso aktore ezaguna da, baina Macrearen eskutik eman zituen lehen pausoak. Irlandarra maisua izan zen eta urretxuarra bere ikasle finena. Plazaolak ondo gogoratzen ditu bere lehen pausoak. «Unibertsitatera joan aurretik, 1999an, Macrea ikusi nuen Buhame tabernan. Lehenengoz, gertuko bat bakarrizketak egiten ikusi nuen. Betidanik txisteak kontatzea gustatu zait, baina ez nuen uste jendaurrean aritzeko prest nengoenik. Macreak aukera hori eskaini zidan eta baiezkoa eman nion».
«Macreak, irakasle onek egiten duten moduan,
habiatik alde egiten utzi zidan»
«Macrearen irakaspenek eta lasaitasunak
asko lagundu didate»
Jon Plazaola (aktorea)
Faemino eta Cansado
Ehunka emanaldi egin zituzten, Euskal Herri osoko taberna eta gaztetxetan. Duela urte batzuk, berriz, bakoitzak bere bidea hartu zuen. «Ez dakit Faemino eta Cansadoren moduko umorista bikote bat garen edo ez, baina beti elkarrekin ibiltzen ginen. Banaketa ez zen traumatikoa izan, ordea. Maisua eta ikaslea ginen eta Macreak, irakasle onek egiten duten moduan, habiatik alde egiten utzi zidan. Hori bai, aukera dugun bakoitzean elkartzen gara. Biharko emanaldia oso berezia izango da: Urretxun, Macrearekin, Markelen alde…», azaldu du.
Hitz politak besterik ez ditu Irlandako lagunarentzat. «Bera bezalako bi ez daude munduan. Pertsona berezia da, itxura berezia duena. Lagun ona, pentsaera irekikoa. Gure mundua oihanaren modukoa dela diote, elkarri oztopoak jartzen dizkiogula. Mundu honetan ezagutu nuen lehenengo pertsona Macrea izatea zorte handia izan zen. Bere irakaspenek eta lasaitasunak asko lagundu didate nire lan ibilbidean».
Macrearekin hegan egiten ikasi zuen txoritxoa, oso urrutira heldu da. Udazkenean
Alli abajo telesailaren hirugarren denboraldia grabatuko du eta abenduan
Villaviciosa de al Lado pelikula estreinatuko du. Komedia honetan Estatu espainiarreko aktore ezagunek parte hartu dute: Carmen Machi, Leo Harlem, Arturo Valls, Tito Valverde, Miguel Rellan…
Plazaolak zorionekoa dela dio. «Pertsona baikorra naiz, baina umila. Une honetaz gozatu beharra dut, beste asko lanik gabe baitaude. Ez dago jakiterik etorkizunean zer gertatuko den. Lanbide honetan egun batean lana duzu eta hurrengoan ez. Dagoenean bonbon eta ez dagoenean… borrokatu!», amaitu du urretxuarrak.