Santa Lutzi eguna oso polita da, sanjoanak oso hunkigarriak dira… baina Santa Anastasia jaiak bezalakorik ez dago urretxuarrentzat. Ostiraleko festa usaina, gastronomia lehiaketa, txistularien kontzertua, kuadrillen eguna… eta Euskal Jaia, noski. Urteko egun handienak dira.
Aurtengo Santa Anastasia jaiak bihar hasiko dira. Arratsaldean haurrentzako ekitaldiak eta txistularien eta musika tailerraren kalejira egongo dira. Gainera, txosna batzordekoek bertso-poteoa eta Kalabazinaren igoera antolatu dituzte.
Ekitaldi nagusia 20:30ean izango da: ikastolako ordezkariek pregoia irakurri eta suziria piztuko dute. Gainera, ikastolaren 50. urteurrena ospatzeko egin duten kanta aurkeztuko dute.
Urrezko arbola da bere izenburua. Doinua Jon Goenagak konposatu du eta hitza Gorka Ojangurenek idatzi du. Grabaketan musika eskolakoek eta ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoek parte hartu dute.
Jarraian, Tirapu eta Andonik Mugitzen Nau-rekin dantzaldia egongo da Iparragirre plazan. Afalostean, berriz, hip-hop jaialdia egingo dute Gernikako Arbola plazan. Txosnetan rock kontzertua egongo da.
Larunbateko ekitaldi nagusiak idi probak, gastronomia lehiaketa, folklore jaialdia, txistularien alardea eta rock kontzertuak izango dira. Idi proba saioa 18:00etan hasiko da. Paulo Aranberri, Patxi Aranbarri, Antonio Zabaleta eta Asier Izagirreren idiek parte hartuko dute. Gastronomia lehiaketari dagokionez, bakailaoa prestatuko dute
ajoarriero erara.
Folklore jaialdia 19:00etan izango da. Portugalete, Galizia eta Paraguaiko taldeek parte hartuko dute. Rock kontzertu bikainak ere antolatu dituzte. 20:00etan Blues&Decker tal-deak joko du Areizaga-Kalebarrenen, 22:00etan Los Deltonos-ek toki berean eta gauerdian Reincidentes-ek txosnetan.
Igandean urretxuarrek jaietako egun handia ospatuko dute. Goizeko Euskal Jaialdiko gaia basoa izango da aurten ere. Oraingoan, egurrarekin egiten zituzten eraikuntza lanak izango dira ardatza. Arratsaldean karroza desfilea egingo dute. Hamahiru kuadrillek parte hartuko dute.
Jaiak astelehenean bukatuko dira, Kuadrillen Egunarekin. Aipatzekoa da aurtengo kantu afarian Niko Etxartek abestuko duela.