Urretxuko Pagoeta udal igerilekua etengabe ura galtzen ari da eta, horren ondorioz, konponketa lan handi bat behar du. Udal gobernua gai horren inguruan hausnartzen ari da eta herritarren iritzia jaso nahi du.
Udal gobernuko kideek igerilekuak urte asko dituela gogoratu dute. «25 urtetik gora dituen igerilekua da. Konponketa lan handi bati aurre egin behar zaionez, bai ekonomikoki, bai exekuzio denboran, udala igerilekuen berrikuntza osoa egitea aztertzen ari da. Berrikuntza honek ur-ontziaren egiturari eragingo lioke».
Hainbat aukera daude, batzuk besteak baino garestiagoak. Hasteko, udal arduradunek egungo igerilekua handiegia dela uste dute. «Neurri olinpikoa duen igerilekua da eta, gaur egun, erdiko guneari ez zaio ia probetxurik ateratzen».
Hainbat aukeraren artean, beti ere instalazioari dagokion araudia betez, haurren beharrei erantzungo dien igerileku bat egitea aztertzen ari da udala. Horretarako, ur-ontziaren altuera jaitsiko litzateke alde batean. Baita jolas-gune bat jarri ere. Hori guztia, igeriketari lehentasuna ematen dion jendeari kalterik eragin gabe. Egungo igerileku txikia kendu egingo lukete.
Horri guztiari esker, ur asko aurreztuko litzateke. Izan ere, igerileku berrian askoz ere ur gutxiago sartuko litzateke. Gainera, egungoak ura galtzen du. Bizilagun asko kexu dira, ura hotzegia dagoelako. Ura galtzen duelako dago hotza, hain zuzen ere. Ura galtzen duenez, etengabe ur berria sartu behar da.
Udalak urretxuarren iritzia jaso nahi du gai honen inguruan. Erabiltzaile izan edo ez, guztiek izango dute udalak prestatu duen galdetegia erantzuteko eta beraien ekarpenak egiteko aukera. Galdetegi hori udalaren webgunean eta sare sozialetan egongo da. Inprimakiak ere prestatuko dira eta udal bulegoetan jarriko dira herritarrek har ditzaten. Bete ondoren, horretarako egokitutako postontzietan utzi beharko dira.
Pagoetako igerilekuak inguruko herrietako bizilagunei ere zerbitzu ematen dienez, gobernu taldeko kideen ustez Gipuzkoako Foru Aldundia ere egitasmo honetan inplikatu beharko litzateke.
Udalaren galdetegia betetzeko, sakatu
hemen.