Arcelor Mittalen lantegia itxi ondoren, 200 bat langilek enpresa uztea erabaki dute eta 85 inguruk Asturiaseko lantegietara joatea. Azken horien eta beraien senitartekoen bizimodua goitik behera aldatuko da. Beraietako hiruk beraien erabakiaren zergatiaz, enpresa beraiekin eduki- tzen ari den jarreraz eta Asturiasen espero dutenaz hitz egin dute.
Jose Mari Fernandez eta Javier Monedero Zumarragakoak dira. 47 eta 49 urte dituzte. Fernandezek hamahiru urte daramatza enpresan eta Monederok bederatzi. Batak bi seme-alaba ditu eta besteak seme bat. Santi Rodriguez, berriz, madrildarra da. Hango lantegia itxi zutenean hona etorri zen eta orain Asturiasera joan beharra du. 48 urte ditu eta bederatzi urte daramatza enpresan. Bi alaba ditu.
Hiru lankideak familia hemen utzita joango dira Asturiasera eta astebururo itzultzeko asmoa dute. «Nire alaba zaharrenak DBHko azken urtea Zumarragan hasi du eta, teorian, datorren ikasturtean denok Asturiasera joango gara», azaldu du Rodriguezek. Fernandezek Arcelor Mittalez fio ez delako erabaki du bakarrik joatea. Egunen batean Asturiaseko lantegia ere itxiko duen beldur da.
Enpresaz fidatzen ez diren arren, berarentzat lan egiten jarraitzea erabaki dute. «Lankide gehienek hemen gelditzea erabaki dute eta lan bila ari dira. Gutxi batzuek bakarrik aurkitu dute. Gainontzekoek, zer?», dio Fernandezek. «Gainera, hilabete batzuetarako lana bakarrik aurkitzen dute, baina familiari egunero eman behar diogu jaten. Asturiasen, okerragoa edo hobea, lan finkoa dugu. Horren truke, astea emazte eta seme-alabengandik urrun eman beharko dugu», gehitu du Monederok.
Fernandezek erretiroan pentsatu beharra dutela gogoratu du. «Erretiroan azkeneko urteetan kotizatutakoaren arabera kobratzen da eta, gainera, agian, zorte apur batekin, aurrejubilatu egingo gaituzte. Enpresa handietan hori nahiko arrunta da».
Dena den, oraindik ez dakite ia ezer. Ezta noiz, nora eta eta zein baldintzatan joango diren ere. Asteartean lehenengo 18ak aurki joango direla jakin zuten. «Arcelor Mittalen helburua guk enpresa uztea zen. Horregatik ez digute informaziorik eman. Zain gaude. Ezin dugu ezer egin. Ezta pisu bat alokatu ere. Ez baitakigu noiz eta nora bidaliko gaituzten. Ez dakigu lanordu berak izango ditugun eta bidaia elkarrekin egin ahal izango dugun. Ezinegona da nagusi gure artean».
Fernandezek bizitza «izorratu» dietela gehitu du. «Ez dugu ikusiko gure seme-alabak nola hazten diren, gurasoak adine- koak dira eta ezin ditugu zaindu…». Rodriguezek badaki zer den familia urrun edukitzea, Zumarragan bakarrik eman baitzituen lehen hilabeteak. «Gauero erabaki zuzena hartu ote nuen galdetzen nion nire buruari, pilulak hartzen nituen buruko minari aurre egiteko… eta hurrengo egunean lanera joan behar nintzen».
Harrera
10-15 lankide Asturiasen daude jada, familia osoarekin joan behar zirelako eta seme-alabek ikasturtea bertan hastea nahi zutelako. Ezkongabe dauden madrildar batzuek ere dagoeneko Asturiasen etxebizitza alokatu dutela gehitu du Rodriguezek. «Xixon hautatu dute, Aviles baino politagoa delako eta zerbitzu gehiago dituelako. Gu ere, ahal badugu, Xixonera joango gara ahalik eta hobekien bizitzeko».
Harrera ona espero dute. «Beharbada aldi baterako langileak kalera bidaliko dituzte guri tokia egiteko, baina enpresako langileak gara eta gertatzen ari dena ez da gure errua», dio Fernandezek. «Argi dagoena da umiltasunez joan behar garela», dio Rodriguezek. «Avilesen manifestazioa egin genuenean, jendeak lasai joateko esan zigun», amaitu du Fernandezek.