Asteburu honetan Zumarragako Etxeberri auzoko festak ospatuko dituzte. Jai batzordeak, udalaren laguntzarekin, adin guztikoentzat ekitaldiak antolatu ditu.
Festak ostiral arratsaldean hasiko dira. 19:00etan txupinazoa, buruhandiak eta haurrentzako jolasak egongo dira. Ondoren, 19:30ean, seigarren patata tortilla lehiaketa hasiko da. Aldi berean, poteo herrikoia egingo dute. Gauean, 22:30ean, tute txapelketa eta bingoa egongo dira. Tu-tean helduek bakarrik jokatu ahal izango dute, baina bingoan haurrek ere bai.
Larunbata, urtero bezala, kaleko saskibaloi txapelketarekin hasiko da. 10:00etan, hain zuzen ere. 12:00etan toka txapelketa jokatuko dute eta 13:00etan poteo herrikoia egongo da. Arratsaldean lehiaketak izango dira nagusi: 16:30ean mus txapelketa hasiko da, 17:00etan pedalik gabeko motor eta bizikleta lasterketa, 18:00etan mahai-futbol txapelketa eta 19:30ean sukaldaritza lehiaketa. Gainera, 18:00etan eskulanak egingo dituzte.
Motor eta bizikleta lasterketan 2 eta 5 urte bitarteko haurrek parte hartuko dute eta mahai-futbol txapelketa 16 urtetik gorakoentzat da. Sukaldaritza lehiaketari dagokionez, haragi gisatua prestatuko dute, patatekin.
Sukaldariek lan egiten duten bitartean, gainontzekoek poteoa egingo dute. Platerak 21:00etan aurkeztuko dituzte eta epaimahaiak 21:15ean emango du bere erabakiaren berri. Ondoren, kuadrillek afaria egingo dute. Afalostean bi ekitaldi egingo dira: 23:15erako sorpresa bat prestatuko dute eta 23:30ean orkestra batek joko du.
Zumarragako Etxeberri auzoko jaiak igandean bukatuko dira. 11:30etik 14:00etara eta 17:30etik 20:00etara haurrek puzgarrietan jolasteko aukera edukiko dute. 12:00etan Zumarragako musika bandak auzoan joko du, 13:00etan poteo herrikoia egingo dute eta 14:30ean herri bazkaria egongo da.
Arratsaldean, 18:00etan, dantza erakustaldia egongo da. Dantzaki eskolako ikasleek eta Irrintzi dantza taldekoek eskainiko dute. Ondoren, Tirapurekin disko festa egingo dute. Bukatzeko, 21:00etan
Gaixoa ni abestuko dute jaiei amaiera emateko.
Etxeberri auzoa duela 61 urte eraiki zuten eta garai batean ere festak ospatzen zituzten. Jaiak antolatzeari utzi zioten, ordea. Bizilagunek duela hamaika urte berreskuratu zituzten auzoko jaiak, Zumarragako Udalaren laguntzarekin.
Raquel Fincias jai batzordeko kideak ahaleginak merezi duela dio. «Festek auzoa girotzeko balio dute eta, gainera, herrigu-nean bizi den jende asko etortzen da Etxeberriko jaietako ekitaldiez gozatzera. Egia esan, bidegorria egin zutenetik, Urretxu eta Zumarragako jende asko etortzen da Etxeberrira».