Larunbatean He!! Zurre Fest musika jaialdia egingo dute gaztetxean. Bost musika taldek joko dute 18:00etatik aurrera. Lehenago, 12:00etan, kontzentrazio musikala egingo dute Areizaga-Kalebarren plazan. Izan ere, aurtengo He!! Zurre Fest jaialdiaren helburuetako bat entsegu lokalak eskatzea da.
Mutamuk (Musika Taldeen Mugimenduak) lokalik gabe gelditu direla salatu du. «Bada hilabete bat baino gehiago Urretxu eta Zumarragako musika tal-deak entseguetarako lokalik gabe daudela. Irailaren hasieran botatako euriaren eraginez, Sarraldeko lokaletara ura sartu zen eta egoera hark sor zezakeen arriskua aitzakiatzat hartuta, kalean geratu ginen».
Arazoa aspalditik datorrela diote. «Entseguetarako lokalen aferak hari luzea du atzetik: 30 urtekoa. Duela 30 urte bezala, oraingoan ere bi herriotako alkateekin, kultura teknikariekin eta oposizioan dauden alderdiekin elkartu gara. Bilera horietan, duela 30 urte bezala, hamaika txosten eskatu dizkigute gure beharrak zeintzuk diren jakiteko (edo gogoratzeko)».
Denbora horretan guztian beraien eskaerak ezerezean gelditu direla salatu dute. «Udal ordezkariekin elkartu garen bakoitzean, hitz ederrak entzun ditugu. Baina hitz horiek ezerezean gelditu dira».
Beraien ustez, gaiari ez zaio merezi duen garrantzia ematen. «Hamaikagarrenez gezurra ari du herriotan, ez baita musika taldeen gaia mahai gainera ateratzen. Ez zaio estrategikoki heltzen. Burua altxatu, eta auzora begiratzea besterik ez dago. Urrutira joan gabe, Legazpiko Udalak onartu berri du diru partida bat herriko musikariek herrian disko bat graba dezaten (espresuki horretarako prestaturik duten gunean, gainera). Hiru herri hauen artean, gai honi dagokionez, hiru kilometroko aldea egon beharrean, hainbat argi-urtekoa dagoelakoan gaude».
Las Tuerkas taldea, iaz // Gotzon Aranburu
Herrian musikari eta zaletu asko daudela argi utzi nahi dute.
«Urretxu eta Zumarragan ere 30 urte hauetan lan esanguratsuak egin dira eta talde berriak sortu dira. Horretaz gain, zuzeneko musikaren aldeko apustua egin duten kolektiboak ditugu: Zarraparraz eta Kalegorrian».
Baina, beraien ustez, rock musikari ez zaio beste musika mota batzuei bezainbesteko baliorik ematen. «Gure ustez, musika adierazpen guztiekin ez da berdin jokatu. Musika taldeok 30 urte hauetan zulotik zulora ibili behar izan dugu: Matxainetik Madaiara, Madaiatik Sarraldera eta Sarraldetik kalera edo beste herri batzuetara. Gure proiektuekin lanean jarraitu ahal izateko leku bila aritu beharko dugu, orain arte egin dugun bezala».
Mutamuk egin duen azterketaren arabera, 50 talde inguru sortu dira eta talde horiek guztiek 1.000 kantu sortu dituzte. «Erraz esaten da: 50 talde eta 1.000 kantu grabatuta. Geure kabuz, inolako laguntzarik gabe».
Larunbateko jaialdia
Kontzertuak ere antolatu dituzte. Larunbatean Kids of Rage (hardcore, Bartzelona), Drop! (hardcore, Arrasate), Tooth (post hardcore, Gernika), Night Shot (hardcore&punk, Burgos) eta Adiktos al Kaos (rock&speed, Urretxu-Zumarraga) taldeek joko dute. Gainera, 12:00etan kontzentrazioa egingo dute Areizaga-Kalebarrenen Psikosomatikos herriko taldearekin.