Abenduaren 3aren bueltan Zumarragako Udalak Euskaldun Berriak izena jarri behar dio herriko gune bati. Hiru daude aukeran eta euskaldun berriek eurek egingo dute aukeraketa.
Hauek bai merezi dutela kale bat eta ez konkistatzaile, konde, duke, markes eta enparauek! Nortzuk diren hauek? Ba hauek euskaldun berriak dira. Helduaroan euskara ikastea erabaki duten herritarrak. Eta kale bat merezi dutela oso argi dagoenez, Zumarragako Udalak herriko txoko bati Euskaldun Berriak izena jartzea erabaki du.
Ekimen honen helburua helduaroan euskara ikastea erabaki duten herritarrei esker ona adieraztea da eta euskaldun berriek beraiek aukeratuko dute zein guneri eman Euskaldun Berriak izena. Hiru daude aukeran: Sekundino Esnaola kaleko 12 eta 16 zenbakien artean dagoen parketxoa, Izazpi auzoko parketxoa eta Antioko interpretazio zentroko portxea.
Bi arrazoirengatik hautatu dituzte hiru toki hauek. Parkeak, euskara gehien bertan entzuten delako eta etorkizuna bertan dagoelako. Portxea, berriz, Antio Zumarragako leku pribilegiatua delako.
Euskaltegiko ikasleek bertan eman dute botoa eta iaz euskaltegian ibili zirenei gutun bat bidali diete ekimenaren berri emanez. Beraiek eta gainontzeko euskaldun berriek Zelai Arizti kultur etxean eman dezakete botoa. Bertako sarreran kaxa bat jarri da eta gaur da botoa emateko azken eguna. Ondoren, botoak zenbatuko dituzte eta erabakia osoko bilkuratik pasako da. Izendatze ekitaldia abenduaren 3aren bueltan egingo da.
Balorazio positiboa
Aitor Lizarazu Zumarragako Udaleko Euskara teknikaria gustura ageri da jasotako erantzunarekin. «Udal euskaltegiko gela guztietatik pasa gara eta ikasle guztien botoak jaso ditugu. Lehenago, ordu erdiko saiotxo bat egin dugu beraiekin: herriko kaleei eta euskararen erabilerari buruz hitz egin dugu. Datorren astean jakinaraziko dugu zein den boto gehien jaso duen txokoa».
Atzo Lizarazuk eta udal euskaltegiko arduradunek zenbait ikasle elkartu zituzten erreportaje honetako argazkia ateratzeko eta guztiek ekimena oso interesgarria iruditzen zaiela esan zuten. Argazkian azaltzen diren gehienen ustez, Izazpi auzoko parkea da egokiena. «Bertan haur eta guraso asko elkartzen dira. Gainera, gauza gehienak erdigunean egiten dira eta auzoetan ere zer edo zer egitea komeni da».
Txoko bakar batek izango du Euskaldun Berriak izena eramateko ohorea, baina besteetan zer edo zer ere egin daiteke triste gera ez daitezen. Euskaldun berrien ohoretan estatua bat jarri, adibidez. Euskal Herriak hori eta gehiago zor die!