Urretxun 29. Mineralogia eta Paleontologia Astea egiten ari dira. Joan zen astean mineralen erabilerei buruzko hitzaldia eta irteera egon ziren eta astelehenean erakusketak ireki zituzten. Atzo, berriz, ipuin kontaketa saioa egon zen. Ekitaldi nagusiak asteburuan izango dira: gaur haur eta gaztetxoentzako parkea eta mineral, fosil eta gema azoka irekiko dituzte.
Parkea Iparragirre plazan egongo da. Gaur, bihar eta etzi irekiko dute, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.
Aurten, Suhar taldearekin elkarlanean, arkeologia tailerrak antolatu dituzte. Horretaz gain, urteroko lau ekintzak egongo dira. Gaztetxoek historiaurreko gizakiek bezala margotu ahal izango dute, lurretik eta harrietatik ateratako koloregai naturalekin eta mineralekin.
Gainera,
urrea bilatuko dute. Horretarako, botak jantzi eta uretan sartuko dira. Ondoren, alea pisatu eta bilatzaile diploma jasoko dute.
Aurkikuntza paleontologi-koak egiteko eta dinosauroak nola bizi ziren ikasteko aukera ere edukiko dute.
Ederrena pilotalekuan, berriz, mineral, fosil eta harribitxien azoka egongo da. Gaur 17:00etatik 20:00etara irekiko dute eta bihar eta etzi 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Haurrentzako tailerrak ere egongo dira.
Urretxuko azokan bazter guztietatik etorritako erakusle, saltzaile eta adituak elkartzen dira. Urteen poderioz ezinbesteko topaleku bihurtu da zaletu denentzako. Bertan, pieza ezagunak eta azken aurkikuntzak ikusi ahal dira.
Gainera, Josep Serrano eta Montse Bague kataluniarrek harribitxiak nola lantzen diren erakutsiko dute. Erakustaldiak irekiak izango dira, Ederrena pilotalekuan bertan. 50 minutuko iraupena izango dute.
Gaurko erakustaldia 18:00etan izango da, biharkoak 12:00etan eta 18:00etan izango dira eta igandekoak 12:00etan eta 17:00etan.
Urretxuarrek eta bertaratzen direnek bi erakusketaz gozatzeko aukera ere edukiko dute. Urrelur museoan kretazeo aroko hiru dinosauroren fosilak ikus daitezke.
Juan de Lizarazu aretoan, berriz,
Munduko herriak, munduko fosilak erakusketa jarri dute. Urretxun 40 herrialde ezberdinetako jendea bizi da eta erakusketan herrialde horietako guztietako fosilak jarri dituzte.
Gaur erakusketak 17:00etatik 20:00etara irekiko dituzte. Bihar, berriz, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.