Urretxu mineralogia eta paleontologiaren hiriburu bihurtu da asteburuan 29. urtez. Aurten ere, Ederrena pilotalekura, Iparragirre plazara, Urrelur museora eta Juan de Lizarazu erakusketa aretora hurbildu den jendetza ikusita, mineralek eta fosilek zaletu ugari dituztela argi geratu da.
Ederrena pilotalekua izan da gune nagusia. Bertan elkartu dira hainbat lekutatik etorritako aditu, erakusle eta saltzaile ugari, eta ondo eta dotore hornitutako salmahaiekin azoka ikusgarria egin dute. Tamaina, kolore eta balio ezberdineko mineralak, fosil ikusgarri eta antzina-koak, harribitxi eta mineralekin egindako bitxiak… Erosleek eta bildumazaleek eskaintza zabala izan dute, eta mundu hori gertutik ezatzen ez dutenek, zerbait gehiago ikasteko aukera.
Haurrek ere gozatu dute
Txikiek ere izan dute gozatzeko parada. Iparragirre plazako tailerrek harrera ona izan dute, ohi bezala, eta ugari izan dira ‘urrea’ bilatzera, dinosauroen urratsak ezagutzera, kobazuloan aurkikuntza paleontologikoak egitera edo historiarreko margoak egitera hurbildu direnak. Aurten, gainera, Suhar arkeologia elkarteko kideak izan dituzte laguntzaile tailerretan.
Ederrenan ere izan dituzte tailerrak eta, besteak beste, harribitxiak lantzeko aukera izan dute. Askok, gainera, bere mineral eta fosilen bilduma txikiak osatzeko erosketak egiteko baliatu dute Ederrenako azoka, eta Urrelur museora eta Juan de Lizarazura hurbildu direnak dinosauroen eta bestelakoen fosilak bertatik bertara ezagutu dituzte.