Xabier Zalduak eta Luis Txapartegik apustua jokatuko dute
Xabier Zaldua zumarragarrak eta Luis Txapartegik aizkora apustua jokatuko dute martxoaren 5ean, eguerdian, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. 6.000 euro jokatuko dituzte eta egurra Aizarnako aizkolariak eramango du.
Duela hilabete Zaldua Euskal Herriko bigarren mailako aizkolari txapelketako finaletik kanpo gelditu zen, sei segundogatik. Finalera pasa ziren sei aizkolariei desafioa bota zien: 20 kanaerdiko lehenago nork ebaki, Zalduak berak eramandako egurrarekin. Zumarragako aizkolariak San Martin egunerako jarri zuen zita: 20:00etatik 21:00etara Azkoitiko Isidro erretegian egon zen, lehiakide baten zain.
Finaleko inor ez zen azaldu, ordea. Txapartegi azaldu zen eta txapelketan azken postuan sailkatu zenez, apustuaren baldintzak aldatzea erabaki zuten: Aizarnakoak eramango du egurra.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide