Urretxuko udal liburutegian hilero gai bat aukeratzen dute eta horren inguruko liburuekin interesgune bat jartzen dute. Horretaz gain, hitzaldi bat egoten da. Azaroko gaia sendabelarrena da eta hitzaldia Fermin Goenaga adituak egingo du datorren asteartean, 19:00etan.
Goenaga bere gurasoen eraginez zaletu zen eta Juanito Mendiaraz zenak ere asko irakatsi zion. Pomadak egiten ditu eta sendabelarrei buruzko liburu bat argitaratu du.
Astearteko hitzaldian salgai jarriko ditu eta Goierri garaian antolatzen diren azoketara ere joaten da. Liburua Beasaingo Gartxo tabernan eta Urretxuko Usabiaga pentsuetan ere salgai dago. Zumarragako Urdangarin burdindegian, Urretxuko Etxe Azpi jatetxean eta Lazkaoko batzokian, berriz, liburua eta pomadak eskura daitezke.
Goenagak sendabelarrekin egindako pomadek erabilpen asko dituztela dio. Psoriasia, ospelak, artritisa, kolpeak eta aknea sendatzeko, besteak beste.
Erromeroarekin, izpilikuarekin, pasmobelarrarekin, marihuanarekin… egiten ditu pomadak. «Gehien saltzen dena marihuanarekin egindakoa da, minak arintzeko oso ona baita».
«Oliba olioa, Aikurreko argizaria eta etxeko belarrak erabiltzen ditut»
Fermin Goenaga (sendabelarretan aditua)
Pomada guztiak osagai naturalekin egiten dituela azpimarratu du. «Lehen prentsaldiko oliba olioarekin, Aikurreko er-leen operkulu-argizariarekin eta etxe inguruan aurkitutako belarrekin egiten ditut pomadak. Ez dut produktu kimikorik erabiltzen».
Liburuari dagokionez, Euskal Herriko 26 sendabelar jaso ditu. Bakoitzak bere atala du, bere izenarekin (euskaraz, gazteleraz eta izen zientifikoa), sendatzeko ahalmena duen landarearen atalaren argazkiarekin eta sendatzen duen gorputzaren atalaren argazkiarekin.
Liburuan sendabelarrekin prestatzen diren plater batzuen errezetak, landareekin lotutako poemak eta ondo lo egiteko 26 aholku ere jaso ditu.
Goenagaren ustez, geroz eta jende gehiagok erabiltzen ditu sendabelarrak. «Nire pomadak oso onak dira eta erosleek errepikatu egiten dute», amaitu du.