Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Zumarragako Udalak eskaintza berezia egin die gaur euskaldun berriei. Euskarara gerturatzeko egin duten ahalegina eskertu nahi izan diete, herriko gune bat haiei eskainita. Antion izan da ekitaldia, izan ere, Euskaldun Berrien Ataria izendapena eman diote interpretazio zentroaren aurrealdeari.
Aitor Lizarazuk botatako bertsoekin hasi dute ekitaldia. Euskaldun berriek “heelduaroan euskara ikasten” egin duten ahalegina eskertu eta haiekin “euskaldun zaharrak zorretan” zirela gogorarazi du, horregatik eskaintzen dietela atari horren izendapena. Hala bota du hirugarren bertsoan:
Hortaz kitatu ditzagun zorrak
hau da zuen ataria,
lekua degu paregabea
luzatu ondo begia,
euskararentzat izan liteke
estalpe eta kabia,
ta bihar etzi igotakoan
harrotasun nabaria,
istoriek egiten baituteherri honen historia.
Mikel Serrano alkateak ere, bere “diskurtsoa Aitorren bertsoena” dela azaldu du, eta “zor hori kitatzeko, euskaldun berriak baduela bere ataria”. Hala, atari hori “bilgune” izatea nahi duela esan du, “beti ere euskara gidoi eta euskara lanabes hartuta, euskara gozatzeko”.
Jarraian, interpretazio zentroko aretoan, 50 bat lagun elkartu dira, mintzodromoan. Seigarren urtez egin dute euskaldun zahar eta berriak elkartzeko solasaldia. Ordubetez, aurrez jarritako hainbat gairen inguruan aritu dira berriketan, hamaika mahaitan banatuta.