Santa Lutzi eguneko herri kirol jaialdiaren kartelak izen bat gehiago du aurten, Ramon Iurrebaso aizkolari urretxuarrarena. Iurrebaso azaroaren 12an zendu zen, eta Urretxu eta Zumarragako herri kirolzaleek omenaldia egingo diote Ederrena pilotalekuan 12:30ean hasiko den jaialdian. Sarrera dohainik izango da.
Jaialdi horretan hiru aizkolari bikotek hartuko dute parte: Larretxea eta Mugertza III.ak, Irazu eta Mugertza II.ak eta Azurmendi eta Zaldua zumarragarrak. Harriak jasotzen, aldiz, Izeta II.a, Izeta III.a eta Urra arituko dira.
‘Aizkolari elektrikoa’
Jaialdian zehar Ramon Iurrebaso ekarriko dute gogora. ‘Urretxuko aizkolari elektrikoa’ ezizenez ezagutzen zen Iurrebaso –Basarri kazetari eta bertsolariak jarri zion– punta-puntan ibili zen aizkora munduan joan den mendearen erdialdean.
Urretxuko Aietsu baserrian 1927an jaioa, Agiñeta aizkolaria izan zuen maisu, eta 18 urterekin debutatu zuen, Urretxuko frontoian, Bitoriano Jauregialtzo zumarragarraren aurka. Lehia irabazi egin zion, eta handik aurrera aizkoran buru-belarri aritu zen. Goñi, Latasa, Gartziarena, Baleztena, Txurruka, Txikito de Arruitz… izan ziren bere aurkarietako batzuk, erakustaldietan batzuetan, apustuetan besteetan.
Izen handia hartu zuen Iurrebasok 1940 eta 1950eko hamarkadetan, baita Euskal Herritik kanpo ere. Hala, Espainiako telebistatik deitu zioten. Bera izan zen telebistan agertu zen lehen aizkolaria. Zirkuan ere aritu zen.
Hainbat plazatan aritu eta gero eta apustu eta proba ugari irabazi eta gero, 47 urterekin erretiratu zen.
Pilota eta idi probak
Arratsaldean, berriz, pilota partidak jokatuko dira Ederrenan, 17:00etan: Mendizabal eta Erostarbe, Gorka eta Tolosaren aurka, eta Elezkano II.a eta Zabaleta, Artola eta Albisuren aurka.
Idi probak ere izango dira, 18:00etan, Zumarragako plazan. Urretxu-Zumarragako XIV. txapelketaren finala izango da. Pablo Aranberri, Antonio Zabaleta eta Patxi Aranberriren idiek jokatuko dute, 36 metroko probalekuan, 1.700 kiloko harriarekin.