Gazteentzako skate pista egiteko lanak hasi dituzte Oiaunen
Zumarragako Oiaun parkean skate pista berria egiteko lanak hasi dituztela iragarri du Mikel Serrano Zumarragako alkateak. Alkateak azaldu duenez, orain bi urte Urretxuko eta Zumarragako gazte talde batek jakinarazi zion skate-a praktikatzeko zuten gune baten beharraz, eta eskaria luzatu zuten Zumarragako udaletxera.
Atzo bildu zen Serrano gazteekin eta proiektua «oso begi onez» ikusi dutela esan du. Lanak hasita daude eta «urtarrila amaierarako erabiltzeko moduan» izango dela agindu du.
Skate parkeak 30 metro luze eta 11 metro zabal izango ditu, eta hiru gunetan banatuta egongo da: «Aldeetako batean bainuontzi antzeko estruktura bat izango du, erdialdean jauziak egin ahal izateko arrapala bat eta barandak eta azkenekoan, bobeda itxurako beste estruktura bat». Lanek «50.000 euroko aurrekontua dute eta foru aldundiak finantzatuko du %100ean». Diseinua egin duen arkitektoa skate zalea dela ere argitu du.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide