Urte berriarekin, jende askok helburu bat edo beste jartzen dio bere buruari. Erretzeari uztea, adibidez. Osasun zentroetan horretarako saioak antolatzen dituzten. Zumarragako anbulatorioan Idoia Larrañaga antzuolarra eta Oihana Bengoetxea villabonatarra dira saio horiek gidatzeaz arduratzen direnak. Biak erizainak dira.
Azken urteetan ikastaro horiek asko ugaldu dira, gizarteak erabat barneratu baitu erretzea oso kaltegarria dela. «Azken bi urteetan indar handia hartu dute eta herri ezberdinetan antolatzen dira».
Taldean lan egiten dute. «Erretzeari uzteko metodo asko daude eta guk horietako bat erabiltzen dugu. 10-15 laguneko taldeak izaten dira, adin ezberdinetako jendearekin. Urtean hiru bat ikastaro antolatzen ditugu, batzuk goizez eta beste batzuk arratsaldez. Helburua denei etortzeko aukera ematea da».
Bost saio izaten dira. Lehenengoetan hausnartu egiten dute: zergatik erretzen duten, uzteko motibazioa topatu… Hirugarren saioaren ondoren, erretzeari uzten saiatzen dira. Handik astebetera lehen balorazioa egiten dute eta hilabete baten ondoren bigarren balorazioa. Bukatzeko, telefonoz jarraipen bat egiten dute: hiru hilabetera, sei hilabetera eta urtebetera. «Norbait berriro erretzen hasi bada, kontsultara etortzeko aukera ematen diogu», azaldu du Bengoetxeak.
Zumarragako saioak hilaren 23an eta 30ean, otsailaren 6an eta 13an eta martxoaren 13an izango dira. Saio bakoitzak bi orduko iraupena izango du: 18:00etatik 20:00etara.
Garrantzitsuena motibazioa dela diote. «Elkarri asko laguntzen diote, baina garrantzitsuena motibatuta etortzea da. Motibaziorik gabe, nahiz eta metodoa ona izan, zaila da erretzeari uztea. Batzuk utziko dutela dirudi eta ez dute lortzen. Momentu txarretan tabakoa lagun bat dela iruditzen zaigu eta lagun hori etsai bat dela konturatzen garenerako harrapatu egin gaitu. Hala, arazo pertsonalak ditugunean zailagoa da uztea», azaldu dute bi erizainek.
Larrañagak eta Bengoetxeak erremintak ematen dizkiete. «Zigarroaren ordezkoa bilatzen laguntzen diegu: kirola, sukaldaritza… Erretzeko gogoa pizten zaienean beste zer edo zer egin behar dute. Erretzea ekintza automatiko bat bihurtzen da eta erretzeari uzteko ohiturak aldatu behar dira. Bazkaldu ondorengo kafea hartzen dugunean erretzeko ohitura badugu, kafe horren ordezko bat bilatu behar dugu».
Adin guztietako jendeak parte hartzen du anbulatorioko saioetan. «Orain arte etorri den gazteenak 18 bat urte zituen eta zaharrenak 80 bat. Dena den, etortzen diren gehienak 40-50 urtekoak dira. 80 urtekoak ez zuen sufritzen hil nahi, ez zuen bere bilobentzat eredu txar bat izan nahi…».
Adin ezberdinetako jendea elkartzea aberasgarria dela diote. «Bakoitzak bere esperientzia kontatzen du eta elkarri laguntzen diote. 60 urtekoak bronkitisa duela, ezin dituela aldapak igo, jada ezin dela mendira joan… esaten du. Hori 18 urte-koak erretzen uzteko oso lagungarria da. Gainera, taldeari esker ez daudela bakarrik ikusten dute. Jende asko dagoela beraien egoera berean».
Esker oneko lana
Beraien lana esker onekoa dela diote. «Uztea lortzen dutenek kalean gelditzen gaituzte eta eskerrak ematen dizkigute. Beraien lagunei guregana etortzea gomendatzen diete. Baina, esan bezala, motibaziorik gabe ez dago uzterik. Tabakoak mendekotasuna sortzen du eta mendekotasun hori gainetik kentzea ez da erraza».
Larrañaga ez da sekula erretzailea izan, baina Bengoetxea bai. Erabat uztea lortu zuen. «Duela bost urte utzi nuen. Noizean behin erretzeko gogoa sentitzen dut, baina oso argi dut ez dudala erreko. Esan bezala, motibazio kontua da. Erretzeari uzteko arrazoiak oso argi badituzu, ez duzu erreko».
Berak bezala erretzeari utzi nahi diotenek, osasun zentroetara jotzea dute onena. Bertan, laguntza eskainiko diete. Zumarragako anbulatorioan antolatu duten erretzeari uzteko saioetan parte hartu nahi dutenek, bertara jo behar dute edo 943 03 52 20 telefono zenbakira deitu.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaraz modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako, zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Gainera, BERRIAlaguna bazara eta HITZAkide egiten bazara, katilu bat oparituko dizugu:
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko.Onartu Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu hemen.
Privacy & Cookies Policy
Privacy Overview
This website uses cookies to improve your experience while you navigate through the website. Out of these cookies, the cookies that are categorized as necessary are stored on your browser as they are essential for the working of basic functionalities of the website. We also use third-party cookies that help us analyze and understand how you use this website. These cookies will be stored in your browser only with your consent. You also have the option to opt-out of these cookies. But opting out of some of these cookies may have an effect on your browsing experience.
Necessary cookies are absolutely essential for the website to function properly. This category only includes cookies that ensures basic functionalities and security features of the website. These cookies do not store any personal information.
Any cookies that may not be particularly necessary for the website to function and is used specifically to collect user personal data via analytics, ads, other embedded contents are termed as non-necessary cookies. It is mandatory to procure user consent prior to running these cookies on your website.