Futbolari, saskibaloi jokalari, eskubaloi jokalari, pilotari eta txirrindulariak gehiago dira, baina Urretxun eta Zumarragan eskiatzaileak ere badaude. Horietako bat June Garitano urretxuarra da. 12 urteko neska honek garaipen asko lortu ditu dagoeneko. Horien artean, Espainiako txapelketa ofiziosoa. Neguko hiruhilekoa Jakan ematen du, errendimendu altuko programa batean parte hartzen.
Garitano 4 urterekin hasi zen eskiatzen eta urtebete beranduago jada gogor ekin zion eskiatzeari. 7 urterekin lehiatzen hasi zen. «Lehen proba irabazi egin zuen eta kasualitatea izango zela uste genuen, baina beti ondo ibili da. Erortzen ez bada, lehenengo bosten artean egin ohi du», azaldu du Edurne Iturbe bere amak.
Duela bi urte bere adinekoen Espainiako txapelketa ofiziosoa irabazi zuen: Cerlerreko eski estazioko Pitarroy proba. Iaz, berriz, Gourette, Astun, Panticosa, Candanchu, Formigal eta Baqueira Bereteko probak irabazi zituen.
Urretxuarra Jakako eski taldeko kidea da eta, eskiatzea izugarri gustuko duenez, neguko hiruhilekoa bertan ematen du: Integral Ski-ren errendimendu altuko programan parte hartzen du. Programa horretan Antzuola, Eibar, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Gaztela-Leon, Galizia eta Asturiasko gaztetxo batzuek ere parte hartzen dute.
Neguan Jakako pisu batean bizi da, beste lau gaztetxorekin batera. «Goizez entrenatu egiten dute eta arratsaldean eskolara joaten dira. Emakume batekin lo egiten dute», azaldu du bere amak. «Oso argi du zer nahi duen eta oso gustura gelditzen da bertan. Hori dela eta, ez digu penarik ematen bera han uz-teak», gehitu du.
Gurasoak asteburuetan elkartzen dira berarekin. Asteburu honetan Granadako Sierra Nevada eski estazioan lehiaketa du (Espainiako Kopako proba) eta gurasoak hara joango dira. Gainera, udan Alpeetara joaten dira. Bere aitak, Joseba Garitanok, urtean 60.000 kilometro inguru egiten dituztela azaldu du. «Ordu asko dira, baina gustura gaude». Gainera, aurten Juneren anaia ere lehiaketetan parte hartzen hasiko da. Lukenek 8 urte ditu.
Esker ona
Bukatu aurretik, Juneren gurasoek eskerrak eman nahi dizkiete laguntzen dieten guztiei: Jacako eski taldeari, Elan eski ekoizleari eta Ocean betaurreko ekoizleari.