Xabier Zaldua (Zumarraga, 1977) aizkolariak Luis Mari Txapartegirekin apustua jokatuko du igande honetan, 12:00etan, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Bere burua indartsu ikusten du.
Nola ikusten duzu igandeko apustua?
Apustuak beti dira gogorrak. Bigarren mailako txapelketako finalera sei sailkatzen ziren eta zazpigarren gelditu nintzen. Sei finalistei erronka bota nien, 20 kanaerdikotara, baina ez zen beraietako inor azaldu. Luis Txapartegi bakarrik azaldu zen, nahiz eta bera ez zegoen deituta. Askotan gertatzen da hori eta, biok apustua egiteko gogo handia genuenez, ondo konpondu ginen.
Txapartegi lehen mailan egondakoa da.
Urte asko eman ditu lehen mailan eta final batzuk jokatu ditu. Horrek maila handiko aizkolaria dela eta maila handiko apustua lotu dudala esan nahi du. Ea zer gertatzen den. Ondo prestatu naiz, oso lan luzea egiteko. Izan ere, egurra berak eraman behar du eta ez dakit nolako egurra izango den. Egur bigunetik gogorrera 30 minutuko aldea egon daiteke. Ordu betetik gorako lana egiteko prestatu naiz.
Aizkora betidanik al duzu gustuko?
Bai. Bizitza osoan ikusi ditut aizkolarien saioak. Gure etxean idizaleak izan gara batez ere, baina aitonarekin mendira joaten nintzen bakoitzean egurren bati kolperen bat jotzen nion.
Oso berandu hasi zinen lehiatzen, ordea.
Lehenengo txapelketa 29 urterekin jokatu nuen. Etxean aizkora zaletasuna egon izan balitz, lehenago hasiko nintzatekeen. Hala, idiekin lehenago hasi nintzen aizkorarekin baino. Inork ez zidan aizkorarekin probatzera bultzatu, baina halako batean probatzea erabaki nuen. Laguntza eskatu nuen eta ondo irten zen. Kaletar bat aizkoran astea, ordea, ez da erraza: erremintak, egurra gordetzeko tokia, entrenatzeko tokia… behar dira.
Oso gogor hasi zinen.
Lehenengo apustua 2010ean jokatu nuen, 32 urterekin. Ondoegi hasi nintzen. Lehen hiru apustuak irabazi egin nituen. Lehen hiru urteak oso onak izan ziren, baina gorputza gehiegi zigortu nuela uste dut. Hiru urtetan zazpi apustu egitea ez da normala. Lehen mailakoek ere ez dute egiten. Horretan kale egin nuen. Freskatzeko, burua eta gorputza lasaitzeko, beste hiru urte behar izan ditut. Nire ibilbidea ez da oso erregularra izan. Azken hiru urte hauetan txapelketa eta erakustaldietan parte hartu dut, baina ez naiz gustura ibili. Ez nengoen gustura nire gorputzarekin eta buruarekin. Aizkora obsesioa bihurtu zen.
Buelta ematea lortu al duzu?
Bai. Horretarako, prestaketa, elikadura eta pentsaera aldatu ditut. Adituen esku jarri naiz eta haiek ez dela obsesionatu behar irakatsi didate. Horrek guztiak beste apustu bat egitera eraman nau.
Prestatzailez aldatu al duzu?
Bai, baina ez lehengoa txarra zelako. Beti Leon Iruntxiberrirekin ibili naiz. Lehengo teknikek gauza askotarako balio dute, baina hobekuntzak egin behar dira. Hori dela eta, Durangoko Iker Lopezekin hasi naiz. Mikel Urrutikoetxea pilotariarekin eta Aitor Hernandez ziklo-kros txirrindulariarekin ere lan egiten du.
Zertan aldatu da zure prestaketa?
Kilo batzuk hartu nahi nituen eta Aurora Ruiz dietistarengana jo nuen. Eibar futbol taldeko nutrizionista da. Berak, entrenamenduaren arabera jan behar nuela esan zidan eta Lopezengana bidali ninduen. Lopezek ez zuen aizkora mundua ezagutzen eta gustura ekin zion. Sei kilo hartu ditut eta asko nabaritzen dut. Prestaketari dagokionez, gehiago edo gutxiago, egunero aizkorarekin lan egiten dut. Ondo goazela uste dut. Urte eta erdian hobekuntza nabarmena nabaritu dut. Denbora asko aizkorarekin eginda, poliki, teknika ikasi egiten duzu. Denbora gehiago duzu egurrari mina non egiten diozun pentsatzeko.
Psikologoarengana ere jo duzu.
Bai. Batzuetan, gorputzaldi onean egon arren, txapelketan ez nuen maila ematen. Presioa gainditzea lortu dut.
Zure burua egunen batean lehen mailakoen artean ikusten al duzu?
Bai. Zergatik ez? Baina kontua ez da igotzea, baizik eta mantentzea. Urte batean igotzea eta hurrengoan jaistea, ez da atsegina. Urte batzuetan mantentzea gustatuko litzaidake. Horretarako, gorputza ondo landu behar da. Bide onetik noala uste dut. Horretarako prestatzen ari naiz.
Horrekin zure ametsa beteko al zenuke?
Lehen mailako aizkolariaren ametsa txapela dela esaten da. Eta bigarren mailako aizkolariaren ametsa, berriz, lehen mailara igotzea eta finala jokatzea. Hori burutik pasa zait, noski. Ez dira urte asko pasa aizkoran hasi nintzenetik eta bospasei urte on gelditzen zaizkidala uste dut. Datozen urte hauek ondo aprobetxatu nahi ditut.
Apustu zalea zara.
Txapelketetako sariak lotsagarriak dira. Aizkolari batek urtero 50-60 tona egur ebaki behar ditu eta bizpahiru aizkora erosi. Hori oso garestia da eta txapelketa batetik 100 eurorekin itzultzea… Lehen mailako txapeldunak duela 14 urte 3.000 irabazten zituen eta egun 2.000 euro baino gutxiago irabazten ditu. Horrela ezin da. Aizkoran egin ahal izateko, urtero apustu bat egin behar da. Irabaziz gero dirua irabazten duzu eta galduz gero parra egiten duzu. Hori bai, apustu ona egin behar da. Ezin da faltsukerian ibili. Jendeari merezi duena eman behar zaio. Apustuak gustuko ditut, beharrezkoak direla iruditzen zaidalako eta motibatzeko balio dutelako.
Zortzi urteko seme nagusia ere dagoeneko aizkorarekin ibiltzen da.
Asko. Utziz gero, kanaerdikoa ondo mozten du. 5 urte bete zituen arte ez nion aizkora hartzen utzi eta ez dut behartzen. Egurrak jarrita egoten dira eta bere kasa etortzen da. Etorkizunean ez dakit zer egingo duen, baina oso itxura ona du. Plazara berak nahi duenean joango da.
Idiekin jarraitzen al duzu?
Kendu egin nituen. Denetara ez naiz heltzen. Familia gainontzeko guztiaren aurretik dago. Urte batzuk barru, seguru aski, berriro ekarriko ditut.
Zer da zuretzat baserritarra izatea?
Luxu bat. Etxeko produktuak bakarrik jatea, norberak landutakoa jatea… luxua da. Baserrian lan asko egin behar da, baina umetatik horretara ohituta gaude. Eskolatik irteten nintzenean, garotara edo belarretara joateko edo behiei azpiak ateratzeko desiratzen egoten nintzen. Baserritarra izatea bizitzeko era bat da. Bizitzeko modu eder bat. Ganaduari begira ametsetan bezala egoten naiz. Gure baserria gorago egongo balitz, hobe. Ganadua bide ondoan dugu eta horrek beldurra ematen digu.
Nola uste duzu ikusten zaituztela gainontzeko zumarragarrek? Zuen ekarpena nahikoa eskertzen al dute?
Herri txikietan baloratuagoak sentitzen gara. Inguruak zaintzen ditugu, hor bizi garelako. Ez gaituzu plastiko bat lurrera botatzen ikusiko. Baina kaletarrek ez dute gu estimatzeko arrazoirik, ez baitiete irakasten. Jendeari dena naturatik datorrela irakatsi behar zaio.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaraz modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako, zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Gainera, BERRIAlaguna bazara eta HITZAkide egiten bazara, katilu bat oparituko dizugu:
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko.Onartu Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu hemen.
Privacy & Cookies Policy
Privacy Overview
This website uses cookies to improve your experience while you navigate through the website. Out of these cookies, the cookies that are categorized as necessary are stored on your browser as they are essential for the working of basic functionalities of the website. We also use third-party cookies that help us analyze and understand how you use this website. These cookies will be stored in your browser only with your consent. You also have the option to opt-out of these cookies. But opting out of some of these cookies may have an effect on your browsing experience.
Necessary cookies are absolutely essential for the website to function properly. This category only includes cookies that ensures basic functionalities and security features of the website. These cookies do not store any personal information.
Any cookies that may not be particularly necessary for the website to function and is used specifically to collect user personal data via analytics, ads, other embedded contents are termed as non-necessary cookies. It is mandatory to procure user consent prior to running these cookies on your website.