Bikote maitagarria osatzen dute Joxe Mari Jauregi eta Inaxi Zaldua zumarragarrek. Joxe Marik 10 urte besterik ez zituen erromeria baten ondoren Inaxi etxera lagundu zuenean. 1936. urtea zen. 1951n ezkondu egin ziren eta bost seme-alaba eduki zituzten. Beraien azken nahia elkarrekin hiltzea da. Atzo, ezkondu zireneko 66. urteurrena ospatu zuten.
Biak San Kristobal auzokoak dira. Jauregi Oraa goikoa baserrikoa eta Zaldua Aitzagakoa. Hala, umetatik ezagutzen dute elkar. Erromeriak Oraa Goikoa baserri azpian egiten ziren eta Aitzaga beherago dago, herrira daraman bidearen ondoan.
Mutilen ametsa gustuko neskak etxera laguntzeko baimena ematea zen eta Joxe Marik oso goiz eduki zuen neska bat etxera laguntzeko aukera. 10 urte bakarrik zituen Inaxi lehenengoz etxera lagundu zuenean. Kontalari bikaina da eta, irribarrea ezpainetan duela, grazia handiarekin kontatzen du nola gertatu zen. «1936ko abuztuan izan zen. Nazionalak Oviedon (Asturias, Espainia) sartu ziren egunean. Astero erromeria egoten zen eta kanpaia jotzen zutenean denok etxera itzultzen ginen. Nire arreba Inaxirekin ibiltzen zen eta bere laguna etxera eramateko eskatu zidan. Arrebak agindutakoa bete nuen, zer uste duzu ba?».
Inaxik 11 urte bakarrik zituen eta zigortu egin zuten etxera mutil batekin itzultzeagatik, baina ez zuten Joxe Mari ahazterik lortu. Amodio istorio hura martxan jarri zuen emakumeak, Joxe Mariren arrebak, Luisa du izena. 96 urte ditu eta Ezkion bizi da.
Hamabost urte igaro ziren lehenengo neska-laguntze hartatik ezkontza egunera. Zazpi urtetan bost seme-alaba izan zituen bikoteak: Mariasun, Pepita, Maria Luisa, Anjel Mari eta Maria Jesus.
66 urte daramatzate elkarrekin ezkonduta. Joxe Marik Inaxi emakume «ona» dela dio. «Zer duen ona? Txarrik ez duela!». Inaxik Joxe Marirekin beti «oso gustura» bizi izan dela dio. Beraien arrakastaren gakoa elkarlana izan dela diote. «Beti elkarri lagundu diogu».
Elkarlan horrek fruitu bikainak eman ditu. Bost seme-alaba eta baserri bat aurrera ateratzeaz gain, Zumarragaren eta emakumeen eskubideen alde beraien aletxoa jarri dute. Joxe Mari zinegotzia izan zen. Bizirik dauden zinegotzi guztien artean, bera da duela denbora gehien aritu zena: duela ia 60 urte hasi zen zinegotzi lanetan. Sei urte eman zituen udaletxean, Artiz eta Altuna alkateekin.
Ordutik hona gauzak asko aldatu dira. Garai hartan astoak ziren nagusi kalean eta egun autoak. «Herria oso garbi egoten zen. Kale-garbitzailea behi batekin ateratzen zen kalera eta baserritarron astoen gorotzak jasotzen zituen. Egun autoak ditugu, baina garai hartan astoak zeuden».
Bere emaztea, berriz, gidabaimena atera zuen herriko lehen emakumea izan zen. Ordura arte, Joxe Marik Vespa batean jaisten zituen esne marmitak herrira. «50 litro esne jaisten nituen, bost marmitatan».
Auto berria
Vespak ez zuen seme-alabak eskolara eramateko balio, ordea. Izan ere, bost haur bost marmita baino gehiago mugitzen dira. Hala, 1962an, biek gidatzeko baimena atera zuten. Ondoren, Citroën 2CV furgonetan bat erosi zuten. «Donostiara joan nintzen autoa erostera. Saltzaileari errukia ematen saiatu nintzen. Haurrak eskolara eramateko behar genuela esan nion eta berehala ekarri zidan autoa. Elorriaga Azpikoa baserriko Juanitok bi urte zeramatzan auto baten zain! Niri autoa ekarri zidatela jakin zuenean, oso haserre deitu zuen eta berehala bat ekarri zioten».
Citroën hark ehunka bidaia egin zituen. «Gure haurrak eta Aitzagakoak eskolara eramaten nituen eta ondoren etxera ekarri», oroitzen du Inaxik. Gainera, baserrian gogor lan egiten zuen.
Seme-alabek ere bai, noski. «Behin, ondoko baserri batean belarra mozten ari ginen eta etxeko behiak jetzi behar ziren. Gure alabetako batek bere burua eskaini zuen. 23:00etan itzuli ginen etxera eta ordurako esnea hurrengo egunean herrira jaisteko prest zegoen. Ba al dakizu zenbat urte zituen gure alabak? Zazpi!».
Medikua etxean
Egun neskatila hura medikua da eta gurasoen osasunaz arduratzen da. Egunero beraiekin bazkaltzen du. Herrian bizi dira, baserriko eskailerak igotzeko arazoak zituztelako. Larunbatetan baserrira joaten dira, semea bisitatzera. Irakurtzea gustatzen zaie eta Joxe Mari oraindik bidegorrira joaten da, baina azken urte hauetan bere osasunak behera egin duela uste du.
Heriotzak kezkatzen du. «Amak Santa Anari otoitz egiten zion: Santa Ana, buena muerte y poca cama. Hala hil zen: etxean, ohetik altxatzean. Nik ere hori nahi dut guretzako: heriotza gozoa izatea eta, ahal bada, biok elkarrekin joatea. Hala behar luke. Zertarako banandu horrenbeste urte eta gero?».
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaraz modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako, zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Gainera, BERRIAlaguna bazara eta HITZAkide egiten bazara, katilu bat oparituko dizugu:
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko.Onartu Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu hemen.
Privacy & Cookies Policy
Privacy Overview
This website uses cookies to improve your experience while you navigate through the website. Out of these cookies, the cookies that are categorized as necessary are stored on your browser as they are essential for the working of basic functionalities of the website. We also use third-party cookies that help us analyze and understand how you use this website. These cookies will be stored in your browser only with your consent. You also have the option to opt-out of these cookies. But opting out of some of these cookies may have an effect on your browsing experience.
Necessary cookies are absolutely essential for the website to function properly. This category only includes cookies that ensures basic functionalities and security features of the website. These cookies do not store any personal information.
Any cookies that may not be particularly necessary for the website to function and is used specifically to collect user personal data via analytics, ads, other embedded contents are termed as non-necessary cookies. It is mandatory to procure user consent prior to running these cookies on your website.