Mus txapelketa, bigarren eskuko azoka eta auto kontzentrazioa Eitzan
Ostiraletik astelehenera bitartean San Isidro festak ospatuko dituzte Zumarragako Eitza auzoan, baina aurreko asteburu honetan ere hainbat ekitaldi egon dira: mus txapelketa, bigarren eskuko azoka eta Seat 600 kontzentrazioa.
Mus txapelketa larunbat arratsaldean jokatu zuten. 28 bikotek parte hartu zuten. Txapelketa Inixio Loiarte eta Inaziok irabazi zuten. Aitor Gago eta Joseba Rivasen aurka jokatu zuten finala. Igandean, berriz, bigarren eskuko azoka egon zen. Auzoko hamabi lagunek jarri zituzten postuak. Denetik erosteko aukera egon zen: arropa, jostailuak, liburuak, diskoak, kirol artikuluak… Jende asko gerturatu zen eta salmentak oso onak izan ziren.
Gainera, Zumarragako Udalak antolatutako Seat 600 kontzentrazioko parte hartzaileek Eitzan ordu beteko geldialdia egin zuten. Gaur giroa berotzen jarraituko dute. 19:00etan, auzoko Irrika elkartean Jose Francisco Benitez Txiskok gidatutako zuzeneko sukaldaritza saioa egingo dute.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide