Felix Kerejeta asmatzaileak hitzaldia egingo du Zumarragan
Felix Kerejeta asmatzaile zumarragarrak Nola iritsi naizen asmatzaile izatera hitzaldia emango du datorren asteartean Zelai Arizti kultur etxean. La Salle-Legazpi ikastetxeak antolatutako ekitaldi hau 18:00etan hasiko da.
Kerejetak La Salle-Legazpi ikastetxean ikasi zuen eta egun Copreci kooperatiban lan egiten du teknologiako senior kudeatzaile gisa. Bere ibilbide profesionalean asmakizun asko patentatu ditu eta iaz Galbaianek, jabetza industrial eta intelektualean zerbitzu integrala eskaintzen duen aditu taldeak, asmatzaile onenari Galbahe saria eman zion.
22 urte asmatzen
Lehen asmakuntza 1995ean patentatu zuen. «Jatorria beti beharretan dago. Beharra atzematea, irtenbidearen bilaketan ez etsitzea eta esperientzia dira gakoak», dio.
Zumarragako hitzaldian, Kerejetak asmatzaile bezala egin duen ibilbidearen berri emango du eta jabetza industriala zer den azalduko du. Horretaz gain, azken urteotako garapen teknologikoaren berri emango du.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide