Zumarragako Armetxea Kultur Elkarteak antolatuta esgrima historiko erakustaldia egin dute gaur goizean Zelai Arizti parkean. Jarduera honen zaletuek ezpatak defentsarako erabiltzen ziren garaia (XIII. mendetik XIX. Mendera) aztertzen dute eta garaiko ezpatekin lehiatzen dira.
Ekimen honen bultzatzailea Miguel Angel Juarez, Zumarragan bizi den alacantarra da. Gaurko ekitaldian 37 bat zaletuk parte hartu dute, tartean, Bilbo, Gasteiz, Donostia, Errioxa eta Burgoskoak. Esku eta erdiko ezpatekin, eta ropero deitutakoekin aritu dira erakustaldian. Juarezen hitzetan bataren eta bestearen arteko ezberdintasuna erabiltzen ziren garaia da. “Lehenengopa XIII. mendetik XVI. mendera bitartean erabiltzen zen. Kilo bateko pisua dute batez beste eta bi eskuekin erabiltzen dira. Bigarrenak Errenazimendu garaikoak dira, XVI. mendetik aurrera”. Ezpatek garapena izan zuten garai haietan, eta ropero deituriko hauek borrokatzeko armadurarik erabiltzen ez ziren garaian ugaritu ziren Juarezen hitzetan.
Izan ere, arte martzial honen atzean ondare kultural handia dagoela dio Juarezek. Gaur egunera arte iritsi diren dokumentu historiko eta tratatuak dituzte iturri zaletu hauek, eta beraietan jasotakoa praktikan jartzen saiatzen dira. Goizeko erakustaldiaren ondotik, eguerdian Beloki pilotalekuan elkartu dira beraien zaletasunari buruz hitz egiteko.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide