Egun osoan zehar egingo dute gaur Kulturen Azoka Urretxuko Gernikako Arbola plazan. Ekitaldia Urretxuko Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak antolatu du, bosgarren urtez. Mahai honetan jatorri ezberdinetako urretxuarrek parte hartzen dute. Gaur, hiru kontinenteetako gastronomiaz eta folkloreaz gozatzeko aukera izango da.
Goizean zehar siriarrentzako mantak egin dituzte, eta egun osoan zehar henna eta trentza afrikarren postuak egongo dira. Gainontzean,
tai ji eta
capoeira erakustaldiak egon dira goizean zehar, baita kaligrafia arabiar, saskigintza eta kamiseta estanpazio tailerrak eta haurrentzako jolasak ere, besteak beste.
Arratsaldean zehar, Ekuatore Gineako eta Nikaraguako dantzak egongo dira, tearen ekitaldia Saharako haiman, baita zumba tailerra, saloi dantzen erakustaldia eta mariatxiak ere.
Kulturen azokaren antolaketan Gipuzkoa osoko hainbat elkartek lagundu dute eta herrialde asko egon dira ordezkatuta: Senegal, Ekuatore Ginea, Brasil, Maroko, Nikaragua, Honduras, Sahara eta Pakistan, besteak beste.