Urola futbol taldeko atezain ohiek Martin Agirre entrenatzailea omendu dute. Afaria egin dute eta bere atezain garaiko argazki bat oparitu diote. Agirre antzuolarra da jaiotzez, baina Zumarragara ezkondu zen. Bergara taldean hasi zen futbolean eta ezkondu zenean Ilintxarekin fitxatu zuen. Urola sortu zutenean, Urolarekin fitxatu zuen. Lau urte eman zituen Zumarraga eta Urretxuko taldean. Ondoren entrenatzaile lanetan hasi zen, Juanjo Aldamarekin. 60 urte bete zituen arte Urolako jokalariak entrenatu zituen. Lanean erretiroa hartu zuenean Urola ere utzi egin zuen, baina zazpi urte bakarrik eman zituen bere talde kuttunetik kanpo. Duela hiru urte bere biloba futbol eskolan hasi zen eta futbol eskolako haurrei entrenatzea erabaki zuen. Omenaldia Mikel Fernandezek eta Egoitz Zarandonak antolatu dute. «Urte asko eman genituen berarekin, beti oso gustura. Ikasi dugun guztia berak irakatsi digu», aipatu du Zarandonak.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide