Urretxu eta Zumarragako Areizaga eta Kalebarren kaleetako bizilagunak eta dendariak euriaren beldur bizi ziren duela 23 urtera arte. Zaparrada indartsu bat zegoen bakoitzean, Urola ibaia hazita etortzen zen eta ekartzen zituen hondakinek zubi zaharra itxi egiten zuten. Ibaia bere bidetik irteten zen eta ura atarietara eta lokaletara sartzen zen. Ostiralean azken uholdearen 25. urteurrena beteko da. Handik gutxira zubia kendu eta ibaiaren ibilbidea zuzendu eta malda handitu zuten.
Areizaga-Kalebarren plaza. // Pako Vierbücher
Uholde gehien pairatu dituen merkataria Mikel Urdangarin da. Urdangarindarren Soraluze kaleko burdin dendak 100 urte baino gehiago ditu eta hamaika uholde ikusi dituzte.
1932an jaio zen eta gogoratzen dituen lehen uholdeak 1940koak dira: 8 urte besterik ez zituen, baina gurasoei denda garbitzen lagundu behar izan zien.
Dena den, gogorrenak 1953koak izan ziren. Ura ibaira ematen duten leihoetatik zein atetik sartu zen eta metro eta erdiko altuera hartu zuen denda barruan.
Mikel bizitza galtzeko zorian egon zen. Izan ere, leiho bat ixtera joan zenean, zerbaitek zan-goan jo zion. Dendako materiala babesten jarraitu zuen, zorabiatu zen arte. Goiko solairura igo zuten, etxera, eta ebaki handi bat zuela konturatu ziren. Zorionez, ez zen odolustu eta ezta zorabiatu ondoren urperatu ere. Zoilo Mendizabal praktikantea kalearen beste aldean bizi zen, baina ezin izan zen Urdangarin sendiaren dendara joan, kalea urez beteta zegoelako. Ura Euskadi plazaraino heltzen zen.
Pasadizoak
Urola ibaia, kaleak hartuta. // Pako Vierbücher
Urdangarinek uholdeekin lotutako istorio asko ditu. Politena tabernako Inaziori 1953koekin lotutako apustu bat irabazi zion, adibidez. Urdangarinek urriaren 14an izan zirela zion eta Inaziok urriaren 15ean izan zirela. Zes-toara joan ziren (bertan uholdeekin lotutako oroigarri bat dago) eta Urdangarinek arrazoia zuela ikusi zuten. Inaziok kafe bat, whiski bat eta Montecristo puru bat ordaindu zizkion.
Bestalde, horrenbeste uholde pairatu eta gero, ibaiak gainezka noiz egingo zuen asmatzeko gai zen. Behin saltzaile bati aurki ibaiak gainezka egingo zuela eta autoa Soraluze kaletik ateratzeko esan zion. Saltzaileak eskerrak ematen zizkion Zumarragara etortzen zen bakoitzean.
Obra korapilatsua
Areizaga-Kalebarren plaza. // Pako Vierbücher
Urdangarinek,eta gainontzeko urretxuar eta zumarragarrek jasan zituzten azken uholdeak 1988koak eta 1992koak izan ziren. 1988ko uholdeen ondoren arazoa behin betiko konpontzea erabaki zuten, baina oztopo handi batekin topo egin zuten: zubi zaharra botatzearekin ez zen nahikoa, ibaiaren norabidea zuzendu behar zen eta malda handiagoa eman behar zitzaion. Horretarako, hiltegia, tailer bat eta Tiffany’s diskotekaren eraikina bota behar izan zituzten.
Obra Madrilgo enpresa batek egin behar zuen, baina porrot egin zuen eta azkenean Mariezkurrena enpresak egin zituen lanak. Madrilgo enpresarekin gertatutakoak obraren hasiera atzeratu zuen eta, horren erruz, urretxuar eta zumarragarrek beste uholde batzuk pairatu behar izan zituzten: 1992ko San Joan bezperakoak.
Lanak handik gutxira hasi ziren. Jose Julian Irizar Zumarragako alkateak, atzerapenez nazkatuta, Ondare Historikokoek zubi zaharraz galdetu zutela jakin zuenean, berehala kentzeko agindua eman zuen. Areizaga-Kalebarren plaza 1994ko ekainaren 17an inauguratu zen. Ordutik ez da uholderik egon Urretxu eta Zumarragan.