Urteroko ohitura jarraituz, jendetza bildu da gaur ere Santa Barbaran, San Joan eguneko erromeria ospatzeko. Txalapartarien deiarekin hasi dute eguna, eta ondoren meza eta Lurra dantza taldekoen saioa izan dituzte. Kirolak ere izan du bere tartea, Irimoko Igoerarekin eta herri kirol saioarekin. Karpan nahiz bakoitzak hartutako mahaietan bazkaldu dute gero, eta arratsaldea erromeria giroan ari dira betetzen.
Irimoko Igoerari dagokionean, Mikel Zabalegi ordiziarra eta Maddi Mujika urretxuarra izan dira azkarrenak helmugan. Gizonezkoetan Zabalegik 15:24ko denbora egin eta aurrea hartu dio Juanjo Igartzabali (14 segundora sartu da), baina azken honek, beteranorik onenaren saria ere jaso du. Ander Ibarguren legazpiarrak (34 segundora) osatu du gizonezkoen podiuma. Emakumezkoetan berriz, Mujikak 18:15eko denbora egin du, eta minutu eta 18 segundoko aldea atera dio Igone Campos zumarragarrari; hirugarren Zuriñe Frutos arabarra sartu da, Camposekin ia batera. Sailkapen osoa,
herrikrosa.eus webgunean dago ikusgai.
Irimoko Igoerako argazkiak: Eneko Maiz
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide