Haurrak dira Zumarragako Santa Isabel jaietako lehen egunetako protagonista nagusiak. Igandean beraien eguna ospatu eta atzo zaldian ibiltzeko aukera eduki ondoren, gaur haurrentzako parkea irekiko dute Euskadi plazan. Gainera, arratsaldean apar festa egingo dute.
Festak igandean hasi ziren, Haurren Egunarekin. Mikel Serrano alkateak alkate txikiari agintaritza eman zion eta azken honek pregoia irakurri zuen. Aurten, alkate txikia Eider Garcia Rajado izan da.
Udaletxeko ekitaldian bertso eskolako gaztetxoek ere parte hartu zuten. Ondoren, Irrintzi taldekoek dantza saioa egin zuten eta haur jolasak egon ziren. Arratsaldean, haur danborrada egin zuten.
Alkate txikiak inoiz baino lan gehiago izan zuen. Izan ere, igandean inaugurazio ekitaldi bat egon zen: Gure Txoko jubilatuen etxearena, hain zuzen ere.
Zinta mozketa alkate txikiak, alkateak eta Miguel Angel Cenera Gure Txokoko presidenteak egin zuten. Inaugurazio ekitaldian alderdi guztietako zinegotziek, Adrian Ortega El Salvador auzo etxeko presidenteak, Santiago Puertas Urretxuko Aterpe jubilatuen etxeko presidenteak eta Gure Txokoko eta El Salvadorreko zuzendaritzetako kideek parte hartu zuten.
Horiek guztiek eta ekitaldian elkartutako bizilagunek jubilatuen etxe berria ezagutzeko aukera eduki zuten. Udalak 1,3 milioi euro inbertitu ditu eta Jaurlaritzak 850.000 euroko diru laguntza eman du. Helburua, irisgarritasuna bermatzea eta segurtasuna hobetzea izan dira.
Artisauak eta pintxoak
Igandean beste ekitaldi batzuk ere egon ziren. Goizean eskulangintza azoka egin zuten, pintxo lehiaketako sariak banatu zituzten eta musika bandak kontzertua egin zuen.
Pintxo lehiaketari dagokionez, pintxo onenaren saria Monterrey tabernak irabazi du eta originalenari dagokiona, berriz, Berri tabernak.
Arratsaldean, Goiargi abesbatzak jaieteko kontzertua egin zuen mertzedariatar lekaimeen elizan eta Jose Mari Orbegozoren eskolako ikasleek saloi dantzen erakustaldia egin zuten Euskadi plazan.
Haur parkea
Jaietako ekitaldi nagusiak asteburu honetan izango dira, baina ostirala heldu bitartean ere hainbat ekitaldi egongo dira. Datozen hiru egunetan ere haurrak izango dira protagonista nagusiak.
Gaur, bihar eta etzi, 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era, haur parkea eta txu-txu trena egongo dira plazan. Gainera, 18:30ean apar festa egingo dute.
Horretaz gain, bihar, 19:00etan, Ilunabar Literarioa izango da Antio interpretazio zentroan. Eta ostegunean, 19:30ean, ezpata-dantzari buruzko dokumentala aurkeztuko dute Zelai Arizti aretoan.
Aurtengo Ilunabar Literarioko ardatzetako bat
39 idazle nafar liburua izango da. Jose Angel Irigarai Pamiela argitaletxeko editoreak eta libururako testuak idatzi dituztenetako batzuk parte hartuko dute. Horretaz gain, herriko eta inguruko herrietako idazle eta sortzaileek beraien testuak irakurriko dituzte.