Zumarragarrak Santa Isabel jaietan murgilduta daude. Igandean Haurren Eguna ospatu zuten eta aste osoan zehar haurrentzako ekintzak egon dira. Dena den ekitaldi nagusiak ostiraletik aurrera izango dira. Urteroko moduan, dantza eta musika izango dira ardatzak. Aurten, inoiz baino gehiago. Izan ere, herriko bi dantzarik dantza libreko txapelketan parte hartuko dute eta ereserkiak 50 urte beteko ditu.
Ereserkia Jesus Gonzalez Bastida bandako zuzendariak konposatu zuen eta hitzak Luzio Gabiria bertsolariak jarri zizkion. Bete-betean asmatu zuten, musika oso gogoraerraza baita eta hitzek herriaren izaera ondo islatzen baitute. Zumarraga etorkinak ondo hartzen dituen herri langilea dela aipatzen da.
Bultzatzaileetako bat Luis Mari Garin izan zen. Lehenengo musika konposatu zen eta ondoren hitzak idatzi zituzten. Normalean alderantziz egiten da eta horrek Gabiriari buruhauste asko eman zizkion. Joxe Etxaniz
Mordoren eta Joxe Agustin Orbegozo fraidearen laguntza izan zuen. Azken hau ikastolaren sortzaileetako bat zen eta Gabiriak sinonimo bila jo zuen beregana.
Ereserkia 1967 abuztuan abestu zen lehenengoz, garai hartan jaiak abuztuan ospatzen baitziren. Ordutik, urtero abesten da danborradan. Jaietako une hunkigarrienetako bat da.
Eta une hunkigarriak aipatzen hasita, ezin igandeko ezpata-dantza ahaztu. Aurten, Josune Martin, Amaia Plazaola, Mikel Urteaga eta Adirane Peñagarikano izango dira kapitainak. Azken hiruak lehenengo aldiz arituko dira kapitain lanetan.
Dantza libreko txapelketa
Peñagarikanok, Sara Bidarterekin batera, larunbateko dantza libreko txapelketan ere parte hartuko du. Bi neska hauek 18 urte dituzte eta umetatik elkarrekin dantza egin dute. «Sarak nik baino urte gehiago daramatza dantza librean eta beragandik asko ikasi dut», dio Peñagarikanok. «Dantzan asko gozatzen duela nabari da eta oso denbora gutxi behar izan du ikasteko», aipatu du bere lagunak.
Bidartek hirugarrengoz parte hartuko du Zumarragako txapelketan. Lehen bi aldietan Andoni Oruesagastirekin eta Mikel Idiakezekin aritu zen. Peñagarikanorentzat lehen txapelketa da. «Oso pozik nago nire bikotea Sara delako».
Geroz eta arruntagoa da bi neskak elkarrekin dantza egitea. «Bi mutil elkarrekin aritzea ez da horren arrunta, baina Euskal Herriko txapelketan bi gizonezkok elkarrekin dantza egin zuten», gogoratu dute.
Beraien helburua gozatzea da. «Gogor lan egin dugu, baina Zumarragako txapelketara oso dantzari onak etorriko dira. Gure helburua gozatzea da. Apur bat urduri nago, baina herriko txapelketan parte hartzea oso berezia izango da. Gainera, Irrintzi taldeko lagunak txapelketa ikustera joango dira eta indarra emango digute. Guretzat oso garrantzitsua da taldekideak bertan egotea», amaitu du Peñagarikanok.