Zumarragako jubilatuek egun zoriontsuak bizi dituzte: jaietako lehen asteburuan berritutako egoitza inauguratu zuten eta igandean Jubilatuen Eguna ospatu zuten.
Beraien eguna hasteko, urtean zehar hildako bazkideen aldeko meza egin zuten. Ondoren, ikuskizuna egin zuten Zelai Arizti aretoan. Aurkezle lanak Irri Makila antzerki taldekoek egin zituzten. Ondoren, sevillana taldeak eta Jose Mari Orbegozo eta Grego Ramirez dantzariek dantza egin zuten. Jotarien kantaldiaren ostean, saloi dantza taldeak eta euskal dantza taldeak dantzatu zuten. Bukatzeko, Goizalde abesbatzak abestu zuen.
Agur jaunak abestu ondoren, bazkaltzera joan ziren. Bazkarian 220 lagunek parte hartu zuten. Bazkalostean dantzaldia egin zuten, Euskodiskorekin.
Balorazio positiboa
Miguel Angel Cenera Gure Txoko jubilatuen etxeko presidentea oso gustura ageri da. «Eguraldi ona egin zuen eta egun zoragarria igaro genuen. Jubilatuen etxeko taldeentzat oso egun garrantzitsua da, urte osoan egindako lana erakusteko eta bizilagunen txaloak jasotzeko aukera baitute».
Udalak Gure Txoko jubilatuen etxea berritu du eta urrian joango dira bertara. «Irailean materiala bertara eramango dugu eta urrian, urtero bezala, ikastaroak hasiko dira: yoga, psikomotrizitatea, saloi dantzak, sevillanak…».
Bazkide berri asko lortzen ari dira. «Egoitza berritu denetik, bazkide kopuruak gora egin du. Azken hilabetean 50-60 lagun inguruk eman dute izena. Atzo bertan, zortzi lagunek deitu zuten. Zumarragako Gure Txoko eta El Salvador jubilatuen etxeek 1.400 bazkide dituzte jada. Igogailua goiko solairuraino helduko denez eta taberna beheko solairura jaitsi denez, jubilatuen etxea lehen baino erakargarriagoa eta erosoagoa da».
Ile apaindegia eta taberna zabalik daude jada. «Jubilatuak oso pozik daude taberna berriarekin. Irekitzeko irrikatan zeuden eta ez da harritzekoa. Izan ere, plazan bertan dagoenez, kalean aritu daitezke karta-jokoan. Gainera, eguneko menua dute eta deskontuak dituzte», amaitu du Gure Txoko jubilatuen etxeko presidenteak.