Lazkaoko enpresa batek gidatuko du Zumarragako pilota eskola
Zumarragako Beloki pilota eskolako zuzendaritzak jakitera eman duenez, Lazkaoko Ordu Guztietan enpresak eramango du, hemendik aurrera, herriko pilota eskolaren gidaritza. Zuzendaritza gustura agertu da albistearekin, erreleboa hartzeko inor agertu ezean, pilota eskola ixtea beste irtenbiderik ez zegoela ikusita.
Ordu Guztietan enpresak hainbat herritako pilota eskolak ditu bere gain. Iñigo Viana pilota eskolako lehendakariak esan duenez, “pilota eskola profesionalizatu egingo da, asko dakite pilotaz eta eskolako haurrek orain arte baino txapelketa gehiagotan parte hartzeko aukera izango dute”. Dena den, Vianak aegi utzi nahi izan du Zumarragako pilota elkartea ez dela desagertuko: “Belokik bi atal izango ditu, pilota eskola batetik, eta txapelketak bestetik”. Hala, Goñi memorialaren eta herriko txapelketaren antolakuntza Vianak berak eta Asier Insausti orain arteko zuzendaritzako kideen ardura izango da aurrerantzean ere.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide