Ikasturte akademikoa amaitu izanagatik ere, Pello Biain (Zumarraga, 1962) Urola Garaiko Lanbide Eskolako irakasleak ez du filosofia alde batera utzi, ezta haren beharra ere.
Gizartean gaur egun pil-pilean dauden gaiei buruzko eztabaida filosofiko lasaia egiteko beharra sumatzen zuen, batik bat, sare sozialetako eta telebistako debate zoroen alternatiba gisa. Hala ere, dioenez ez zekien gizartean behar hori sentitzen zen edota bere irudipen soila ote zen: «Zumarragako kultur teknikariei kafe filosofikoak egiteko proposatu nienean, ohartarazi nien litekeena zela ni bakarrik edota ni eta beste bi pertsona bakarrik agertzea». Alabaina, uztailaren 5ean egindako saiora 16 pertsona azaldu ziren. Geroko saioetan ere antzekoa izan da parte hartzaile kopurua eta askok errepikatu egin dute.
Gehienak emakumezkoak
Parte hartzaile hauen profilari dagokionez, askotarikoak izan dira adin eta ikasketa mailari dagokionean. Emakumezkoak izan dira gehienak.
Jardunaldietan jorratutako gaiak anitzak izan dira. Lehen saioan
Egia behar dugu bizitzeko? galderatik abiatu ziren. Bigarrenean
Maitasun erromantikoari agur esan behar diogu? galdera hartu zuten abiapuntutzat. Uztailaren 19an, azken saioan, alderdi espirituala landu beharra dagoen ala ez izan zuten hizpide.
«Helburua eztabaida filosofikoa egitea zen,
ez tertutilia edo solasaldi soil bat»
«Gaien aurrean partaide bakoitzak kritika
eta autokritika egitea biltzen dugu»
Pello Biainen hitzetan, «gaiok pentsatzen dugunaz pentsatzeko aitzakia izan dira». Hizpideak mahai gainean jarri, eta Biainek parte hartzaileak gai horien argudioak ematen jarri ditu eta erabilitako ideia, iritzi eta aurreiritziak aztertu ere. Azken finean, dioenez, hori baita kafe filosofiko hauen izaera: «Gaien aurrean partaide bakoitzak kritika eta autokritika egitea».
Kritika eta autokritika
Biainen hitzetan, «kontraesanak agertu dira eta kasu batzuetan pertsonak iritziz aldatu dira. Hala ere, ez da erraza jendeak hori onartzea. Hor azaleratzen baitira autoestimua eta identitatea. Askotan gehiegi identifikatzen gara gure ideiekin».
Kontraesanak azaleratzea zen helburuetako bat eta saioen joanagatik sortu dira. Biainek, aitzitik, ez du parte hartu, bere lana eztabaida gidatzea izan baita. Eztabaidek, hala ere, oinarrizko arau batzuk bete behar zituzten: eztabaida ordenatua, geldoak, lasaiak, argiak eta zorrotzak izatea. Biainen hitzetan, «nire helburua eztabaida filosofikoa egitea zen, ez tertulia edo solasaldi soila». Helburu horri jarraiki, parte hartzaileei beraien erantzunak argudiatzea eskatu die saioetan.
Jardunaldi bakoitzean jorratutako gaien aldeko eta kontrako iritziak azaldu direla aipatu du Biainek, eta saio guztiak ondorio konkretu batera heldu gabe amaitu dira. Hala ere, hiru saioen laburpenak egin ditu eta
excelencia.ugleskola.org bere blogean zintzilikatu ditu partaideek, nahi izanez gero, jaso ditzaten. Saioetan zehar agertutako ikuspuntuak bildu ditu laburpenetan.
Saioek izan duten harrera onarengatik eta azkeneko saioan partaideek jarraitzeko eskatu ondoren, irailetik aurrera, hilabetean behin kafe filosofiko saio bat egiteko asmoa iragarri du Pello Biainek.