Xabier Urrate urretxuarrak eta Mikel Diez zumarragarrak Indiako Himalaiako Nun mendia igo dute abuztu honetan. 7.125 metroko mendi honi Mendi Ahaztua deitzen diote. Ezaguna ez izate horrek zirraragarri bezain arriskutsu bihurtzen du. Urrate eta Diez larri ibili ziren, baina onik itzultzea lortu zuten.
Bi mendizale hauek Urretxuko giza-proba taldean ezagutu zuten elkar. Pirinioetara eta eskalatzera elkarrekin joaten hasi ziren eta espedizio bat antolatzea erabaki zuten. Manaslura joateko dirua lortzen saiatu ziren, baina ez zuten nahikoa diru eskuratu. Ondoren, Komunismo mendira joatea erabaki zuten. Baina hegaldi bakarra zegoen eta Diezek ezin zuen data horretan joan.
Azkenean Nun mendira joatea erabaki zuten. Aurrekontuak eskatu eta azkenean Indiako agentzia batekin joan ziren, Espainiakoek baino diru gutxiago eskatzen baitzuen.
Diezek oso mendi berezia dela dio. «Interneten mendi honi buruzko oso informazio gutxi dago eta Pedro Garcia ordiziarraren laguntza izan genuen, bera 2015ean bertan izan baitzen. Bestalde, beheko kanpalekuan gu bakarrik egon ginen eta 7.000 metrotik gorako mendi bat zuretzat bakarrik edukitzea sekulakoa da», azaldu du Diezek.
Arriskutsua
Bakartasun horrek mendia arriskutsu bihurtzen du. «Mendi hau Kaxmirren dago eta Indiak ez du satelite bidezko komunikazioa erabiltzen uzten. Biotako bati zerbait gertatuz gero, gertuen dagoen herrira joan beharko ginateke informatzera. Egunak pasako lirateke helikopteroa iristerako».
Inkomunikatuta egongo zirela ikusirik, asko kosta zitzaien erabakia hartzea. Azkenean, joatea erabaki zuten. «Garminen GPS berri bat eskuratu genuen, familiari une oro non geunden esaten ziona. Familia lasaiago geldituko zela ikusita, joatea erabaki genuen».
Han zeudela, mendiak uste baino zailtasun handiagoa zuela ikusi zuten. «Mendia lehorra zegoen eta glaziarreko izotza ez zen azken elurteetakoa. Hori dela eta, oso gogorra zegoen. Bestalde, pitzadura asko zeuden. Gainera, mendia lehorra zegoenez, espero baino gehiago eskalatu behar izan genuen».
Hori guztia gutxi balitz, eguraldi txarra izan zuten. «Bigarren kanpalekuan ez gora eta ez behera gelditu ginen. Elurra eta sekulako haizea egiten zuen eta denda ertz baten gainean zegoen».
Beldurra pasa zuten. «Haizeak denda eramango zuen beldur ginen. Lo gutxi egin genuen egun haietan. Oso urduri geunden. Gainera, janaririk gabe gelditzen ari ginen. Egun bakarrerako eraman genuena bi egun eta erditan jaten genuen».
Hotza ere bai
Atertu zuenean gora egin zuten. Hotz handia egiten zuen eta hanketako behatzak izoztu ote zitzaizkien beldur ziren. «Hanketako behatzak ez genituen sentitzen eta ziztu bizian jaitsi ginen. Zorionez, behatzek txuri kolorea zuten. Indiako espedizio bateko bi lagunek izozketak izan zituzten. Beraien sherpa bi aldiz igo da Everestera eta 18 aldiz Nun mendira eta halako hotzik ez duela sekula pasa esan zigun», amaitu du.