Urretxuarra lehenengo iritsi da helmugara gaur goizean Zeanurin egin den Gorbeia Suzien lasterketan. Aurtengoan Europako txapelketa ere jokatu da proba berean, eta ondorioz Europako Skyrunning-eko txapeldun berria bihurtu da Aritz Egea. Faboritoen artean zegoen Egea, eta ez du hutsik egin. Emakumeetan Ingrid Mutter izan da azkarrena, 3 ordu eta 37 minutuko denbora eginda. Egea bezala, Europako txapeldun titulua lortu du errumaniarrak.
Zeanuriko lasterketa Gorbeako Natur Parkean gauzatu da, 31 kilometro luze izan ditu eta 2.44 metroko desnibel positiboa. Egeak 3 ordu, 2 minutu eta 55 segundotan burutu du lasterketa. Ez du iaz Luis Alberto Hernandok ezarritako errekorra gainditzerik izan, baina urretxuarra gustura agertu da lortutako emaitzarekin. Ibilbidean zehar lokatz asko zegoela baina “lasterketa guztian gozatu” duela esan du.
Datorren larunbatean Munduko Txapelketako azken proba jokatuko du urretxuarrak Italian.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide