Zumarragako Udalak antolatu duen Boluntarioen Astearen baitan, Boluntario Azoka egiten ari dira gaur goizean Zelai Arizti parkean. Beasainen ere Boluntarioen Eguna ospatzen ari dira gaur hamaseigarren urtez. Bietan ala bietan, herriko elkarte eta boluntarioek musutruk egiten duten lana balioan jarri eta herritarrei ezagutzera ematea dira helburu nagusiak.
Atzegi, Aspace, AECC, Bizi Bide, Caritas, Gurutze Gorria, DYA Gipuzkoa, Gautena, Intered, Jatorkin, Kaebnai Europe Direct, Nagusila eta Gizalde tadeek postuak jarri dituzte Zelai Ariztin, gerturatzen diren herritarrei euren lanaren berri emateko helburuarekin. Parkean bertan jarritako pantaila erraldoi batean, goiz osoan zehar ari dira etenik gabe Bihotz Solidarioak izeneko ikus-entzunezkoa botatzen. Herriko elkarte ezberdinetako boluntarioen bizipenak kontatzen dira bertan eta Zumarragako Gizarte Zerbitzuek ekoiztua da.
Gaurko eguna osatze aldera, 12:00etan boluntarioetako batek kontzertua eskaini du Zelai Ariztin eta haurrei zuzendutako hainbat ekintza ere egin dituzte goiz osoan zehar. Zumarragako kultur etxeko sarreran boluntarioen lanari buruzko argazki erakusketa bat ere ikusgai dago urriaren 16ra bitartean. Boluntario Astearen amaitzeko, urriaren 10ean Igor Ahedo era Fernando Fantovak krisi garaian boluntariotzak gizartean duen paperari buruzko hitzaldia eskainiko dute 19:00etan Zelai Arizti aretoan.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide