Zarraparra kolektiboak ZZ Rock jaialdiaren lehen edizioa antolatu du biharko. Zumarragako trintxeran egingo dute, 19:00etan hasita. Lau taldek joko dute eta sarrera doan izango da.
Iruñeako Kabbalah taldeak 19:00etan joko du, Australiako James McCann&The New Vindictives-ek 20:00etan, Gernikako The Riff Truckers-ek 22:30ean eta Erresuma Batuko Henri Herbert&The Fury-k gauerdian. Ondoren, 01:30etik 02:30era, musika jarriko dute.
Kabbalah taldeko musikariak Las Culebras taldean egin ziren ezagun. Hauek rock and rolla eta hard rocka jotzen zuten eta Kabbalah-k, berriz, 1960ko eta 1970eko heavy iluna eta psikodelia. Aurten Spectral Ascent diskoa kaleratu dute.
Zumarragako ‘trintxeran’ jarri dute eskenatokia.
James McCann gitarra-jotzaile australiarrari dagokionez, The Drones eta Gutterville Spledour Six taldeetan jo zuen 2006an bakarkako ibilbideari ekin aurretik. Aurten bere zazpigarren lana argitaratu du (
Gotta Lotta Move-Boom!). Bigarren diskoa du The New Vindictives taldearekin. Zarraparrakoen esanetan, zuzeneko «indartsu eta sutsua» dute. Rock australiarra eta punk rocka jotzen dute.
Gernikako The Riff Truckers taldea ere ez da motz gelditzen. «Rock amerikarra egiten duten Euskal Herriko banda onenen artean daude». Bi disko kaleratu dituzte Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin eta beraien kontzertu «indartsuetan» blues, rock and roll eta country estiloak nahasten dituzte.
Henri Herbert piano jotzailearei dagokionez, The Jim Jones Revue taldearekin eman zen ezagutzera. 2015ean bakarkako ibilbideari ekin zion. Europa eta Estatu Batuetan jo du eta oraingoan bere lehen lan luzea aurkeztuko du:
Live at Gypsy Hotel. Disko honetan rock and rolla, bluesa eta boogie-woogiea dira nagusi.
Jaialdirako karpa bat muntatu dutela baliatuz, Zarraparra kolektibokoek datorren asteazkenerako beste kontzertu bat antolatu dute. 19:00etan The Kurt Baker Combo taldeak joko du. Talde honek power pop, rock and roll eta punk rock musikak jotzen ditu. Ondoren, 20:00etan, Soraia talde estatubatuarraren punk rock «izerditsua» entzuteko aukera egongo da.
Udazkeneko Musika Zikloa
Asteburu honetan dena ez da rock musika izango, ordea. Igandean Urretxuko Udazkeneko Musika Zikloa hasiko da.
Emanaldi guztiak Tourseko San Martin parrokian izango dira, 19:00etan. Igande honetan Cuarteto del Pino laukoteak joko du, hurrengoan Orkoiengo San Migel abesbatzak abestuko du, azaroaren 5ean Saint Angela Choir Indonesiako abesbatzak eta azaroaren 12an Urretxu eta Zumarragako Goiargi Abesbatzak.